NAIZ

Durangoko Ezkurdin erabakiko da errekorrak hautsi dituen Jai Alai League-a

Denboraldiko zortzi pilotari onenek txapela jokatuko dute Ezkurdi pilotalekuan urriaren 7an, 14an eta 21ean; Erkiaga-Basque/Barandika-Lopez eta Johan-Gorka/Laduche-Del Rio izango dira bi finalaurrekoak.

Gaur aurkeztu dute Durangon jokatuko den Jai-Alai Leaguearen Final Fourra.
Gaur aurkeztu dute Durangon jokatuko den Jai-Alai Leaguearen Final Fourra. (ERAMAN JAI ALAI)

Hamaika hilabetean, hamar egoitza ezberdinetan banatutako ehundik gora partida profesionalen ostean, zestako Jai Alai Leagueko txapela Durangoko Ezkurdin erabakiko da eta ranking ofizialeko zortzi pilotari onenek jokatuko dute Final Four-a astelehenetik aurrera.

Erkiaga eta Gorka, egungo txapeldunak, azken fase honetara sailkatu dira baina ez dute bikote moduan errepikatzeko modurik izango. Hori bai, Ispasterko pilotaria da beste behin ere azken garaipena eskuratzeko faborito nagusia. Denboraldi honetan 6 Slam irabazi ditu (Winter Series-a, Bilboko Iron Cup-a, Cesta All Star, Gernika Grand Slam, Biarritzeko Urrezko Xistera eta Paueko Kopa) eta beste horrenbeste Master. Koadroko pilotari onena izan da eta Final Four-ean Ligako atzelari onena izango du lagun: Thibault Basque bidartarra, bikote beldurgarria osatuz.

Liga tituluaren jokoan, denboraldiko rankingeko lehen aurrelari eta atzelariak laugarrenen aurka jokatzen dute eta bigarrenek, hirugarrenen kontra. Finalerdietan, beraz, Erkiaga-Basque eta Barandika-Lopez bikoteen arteko lehia izango dugu. Partida ikusgarri hau urriaren 14an jokatuko da (San Fausto biharamunean). Barandikak, eta batez ere Lopezek, azken unera arte itxaron behar izan dute Final Four-eko azken plaza eskuratzeko.

Lehen finalerdia urriaren 7an jokatuko da. Sorozabal anaiak (Johan eta Gorka), rankingeko bigarrenak, Laduche eta Del Rio hirugarrenen aurka. Ozta ozta, baina Final Four-etik kanpora geratu dira Jean Olharan eta Jerome Portet, Ligako 5. Aurrelari eta atzelari onenak.

Ezkurdi pilotalekuak 52 metro ditu, beste kantxa batzuk baino laburragoa da. Horrek errematerako espazioa murrizten die aurrelariei eta atzelarien arteko botere-borroka ere berdindu egiten du.

Balorazio positiboa

Liga berritzaile honen arduradunek denboraldiaren balantze oso positiboa egin dute. 11 hilabetean 100 partida profesional baino gehiago antolatu dira, 10 egoitza ezberdinetan. Guztira 47 pilotarik hartu dute parte eta harmailak beteta ikusi ditugu, jaialdirik gehienetan.

Nabarmentzekoak Bilboko Iron Cup-ak bere lehen edizioan izan duen arrakasta itzela, frontoia jardunaldi guztietan beteta; Donibane Lohizune eta Winter Series txapelketetako betekada itzelak; Biarritzeko Urrezko Xisterak lortutako entzutea; Paueko udako txapelketaren gorakada; Markina-Xemein eta Lekeitioko plazen egonkortzea eta Zumaiako Master Seriesean publikoak emandako erantzun ona.

Honez gain, Slam kategoriako txapelketetan aurre-kanporaketak antolatu dira. Modu horretan, titular ez diren pilotariek eta puntista gazteek, txapelketa handietan parte hartzeko aukera zuzena izan dute.

Arrietaren agur-omenaldia

Iñigo Gorostola pilotari durangarrak omenaldi beroa jasoko du Final Four-eko lehen jardunaldian. Kantxa barruan «Arrieta» bezala izan da ezaguna eta hortik kanpo berriz, «Kakatza» bere goitizenarekin. Bridgeporten jaio zen 1980an eta 20 urte pasatxoko ibilbidearen ostean, pasaden otsailean hartu zuen erretiroa Dania Jai Alain (Florida). Arrieta IJAPA-ko presidentea izan da (Ameriketako pilotarien sindikatua) eta kantxa barruko bere gaitasunez gain, ondo ezaguna da zesta-puntarekiko bere pasioa. Gaur egun, Florida eta Durango artean bizi da.