NAIZ

Lakuako gobernuak 550 kiloan ezarri du angulak harrapatzeko muga arrantza garai osorako

550 kiloan ezarri du Lakuako Gobernuak angulak harrapatzeko muga. Halaber, aurten ez da kirol edo laket-lizentziarik egongo, profesionalak izan beharko dira denak.

Oria ibaian harrapatutako angulak, artxiboko irudi batean.
Oria ibaian harrapatutako angulak, artxiboko irudi batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lakuako Gobernuak 550 kiloan ezarri du angulak harrapatzeko muga 2024-2025 arrantza garairako. Hala ere, kopurua berrikusi daiteke eboluzioaren arabera. Kuota 150 lizentzia profesionalen artean banatuko dute, ekainean iragarri zuten bezala. Horietako 138 lehorrean daude eta 12 ontziak dira.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (BOPV) gaur argitaratu du Leandro Azkue Lakuako Gobernuaren Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren ebazpena, zeinaren bidez arautuko baitituzte lizentziak. Hamar egun baliodun izango dituzte lizentziak eskatzeko, bihartik hasita.

Iazko arrantza garaira arte Bizkaia eta Gipuzkoan ez zegoen angula harrapatzeko lizentzia profesionalik, kirol eta laket-lizentziak baino ez zeuden. Europar Batasunak kirol arrantza debekatu izanaren ondorioz, Lakuako Gobernuak Euskadiko Angulero Elkartearekin adostutako dekretua onartu zuen ekainean, jarduera lizentzia profesionalen bidez arautu ahal izateko.

Iaz Euskal Autonomia Erkidegoan kirol arrantzarako 700 lizentzia eman ziren. Aurten, lizentzia kopurua 150era mugatu dute eta denak izango dira profesionalak. Hori dela eta, angula arrantzatzeko beharrezkoa izango da Gizarte Segurantzaren itsasoko langileen erregimen berezian izena ematea.

Lizentziak pertsonalak eta besterenezinak izango dira eta gune jakin batera mugatuak, beraz, lizentziaren jabeak esleitutako arroan baino ezingo du arrantza egin. Lizentziarekin batera harrapaketa koadernoa banatuko diete eta bertan apuntatu beharko dute jarrapatu dutenaren pisua, zein txanku erabili duten eta harrapaketaren data eta orutegia; koadernoa eguneratuta izan beharko dute.

Arrantza profesional «pasibo» lizentzia dutenentzat, hots, pentsiodunentzat, muga 2 kilogramokoa izango da. Hori izango da pentsiorik gabe geratu nahi ez badute harrapatu ahal izango duten gehienezko kopurua.

Halaber, Lakuako Gobernuak azarotik martxora bitarteko 30 eguneko egutegia ezarri du, eguraldiaren arabera 48 orduko aurrerapenarekin aldatu ahal izango dena.