Ongizate eta eredu sozioekonomiko berri baterako proposamenak
«Elkartzen gaituena» lelopean, Eusko Ikaskuntzak hiru eguneko kongresua antolatu du. Jendartearen eta lurraldearen kohesiorako oinarri komunak jartzeko asmoz, etorkizuneko eredu sozioekonomikoari eta ongizatearen gizarteari heldu zioten. Azterketa egiteaz batera, zenbait proposamen egin zituzten.
Asmoz eta jakitez, jendartearen eta lurraldearen kohesiorako herri itunak pentsatzea da kongresu honen xedea. Lankidetzatik eta arnasa luzeko begiradarekin, atzo hasi eta ostiralera arte hausnarrean arituko dira Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak sarreran azaldu zuenez, 1918an sortu zenetik hona, «adimen kolektiboa dinamizatzeko eragilea» izan da erakundea. Hala, helburu bikoitza izan ohi dute antolatutako kongresuek: batetik, ikerkuntza eta kultura sustatzea; bestetik, unean uneko erronken gainean prospekzioa egin eta horiei erantzun bat ematen saiatzea. Kasu honetan, eredu sozioekonomikoa, jendartea eta lurraldea hizpide izango dituzte, «etorkizuneko euskal komunitate berria eraikitzeko».
Egoeraren azterketa bat Euskal Herritik
Aldaketa sakonetan bete-betean murgilduta, nola pentsatu daitezke etorkizuneko ongizatea eta eredu sozioekonomikoa? Horixe izan zen atzoko hitzaldi, mahai inguru eta eztabaidetan jorratu zuten gaia. Sarrera gisa, Eusko Ikaskuntzako Ekonomia lantaldearen izenean, Andoni Eizagirre Mondragon Unibertsitateko irakasleak auziaren kokapena egin zuen. Azaldu zuen bik izan behar dutela etorkizuneko garapen eredu horren oinarriak: batetik, jasangarritasuna, zentzu hirukoitzean ulertua (ekonomikoa, soziala eta ingurugiroarena); bestetik, pertsona, eskualde edota belaunaldi arteko kohesioa. Iparra hori izanik, «trantsizio orekatu, egoki eta bidezko bat nola egin dago jokoan».
Haren ustez, «garrantzitsua da garenaren neurriaz jabetzea, guretik pentsatu eta aritzea». Adierazle ahalik gehien bildu eta Euskal Herriaren «errepresentazio gaurkotu eta berritu bat egitea dagokigu». Zentzu horretan, lantaldeak egindako gogoetetan oinarrituta, Eizagirrek zenbait aldaketa sozial eta ekonomiko azaldu zituen.
Lehenik eta behin, biztanleriaren adin piramidea ez ezik, biztanleria aktiboaren osaera asko aldatzen ari da. Adibidez, goi mailako ikasketak dituztenen kopurua handitu egin da. Bigarrenik, ehun produktiboa ere eraldatzen ari da. Eizagirrerentzat, orain arte Euskal Herrian «industriak enpleguak sortzeko gaitasun handia» izan du. Horrek eskualdeen eta errenten artean oreka bat bermatzen zuen. Egun, ordea, zerbitzuak eta horri lotutako kontsumoak pisu gero eta handiagoa dute. Ohartarazi zuenez, horrek «polarizazioa» eta «segregazioa» dakar, eta kohesioari kalte egiten dio. Hirugarrenik, aintzat hartzekoa da enpresen tamaina ere. Eizagirrek aipatu zuen Euskal Herriko enpresa gehienak konparatiboki txikiak direla baina, hala ere, berrikuntza gaitasun esanguratsua dutela. Horrek adierazten du pertsonen ezagutza, balioa edo espektatibak ere aldagai sozioekonomiko garrantzitsuak direla.
Euskal Herriaren nondik norakoak ezin dira era isolatuan aztertu. Eizagirrek nabamendu zuenez, Euskal Herria munduan eta «gaur egun bizi dugun sasoi historikoan kokatu behar dugu». Zentzu horretan, pare bat joera global azpimarratu zituen. Batetik, industrializazioan gertatu ez zen bezala, «mundua transformatzen ari da, baina mundu osoa, ez Europa bakarrik». Larrialdi klimatikoa edota eraldaketa teknologikoa «mundu osoan eta aldi berean gertatzen ari dira». Nolanahi dela, denei ez diete berdin eragiten: «efektuak desparekotasun handiz nabaritzen dira». Industrializazioan ez bezala, Europatik kanpo horiei erantzuteko tresna gero eta gehiago dituzte orain. Horregatik, narratiba kontraesankorrak antzematen ditu: Europan ekonomiaren geldialdiaz edo klase ertainaren gainbeheraz hitz egiten den arren, mundu osoan ez da hala.
«Proposamen erradikala»
Testuinguru horretan, zer egin? Nola birpentsatu daiteke eredua? Behin egoeraren azterketa eginda, Hillary Cottam ikerlari ingelesak galdera horri erantzuteko zenbait proposamen eta iradokizun egin zituen jarraian.
Haren aburuz, Mendebaldean indarrean egon diren ongizate sistemak eta itun sozialak jada ez dute funtzionatzen. Cottamek azaldu zuen eredu hori Bigarren Mundu Gerra ostean diseinatu zela, garaiko beharrei eta gizarte antolaketari erantzunez. Egitasmo eraldatzailea izan bazen ere, egun ez da eraginkorra: hezkuntzan, lanean edo osasunean «XX. mendeko ereduen arabera jarraitzen dugu XXI. mendean». Hortaz, sistema horren arkitekto nagusietakoa izan zen William Beveridgeren hitzak gaur egunera ekarriz, «iraultzarako garaia da, ez adabakiak jartzekoa».
Cottamentzat, «erradikalak» izan behar dugu; hau da, erroetara jo eta berriz hasi behar dugu. Bere irudiko, auzia ez baita orain arteko zerbitzuak nola doituko ditugun, ezta etorkizuneko balizko arriskuak nola ekidingo ditugun ere, baizik eta zer amesten dugun: zer izan nahi dugu? Hizkuntza, kultura, natura eta, finean, bizitzak nola loratu ditzakegu mende honetan? Gero, instituzioak horren neurrira eraiki beharko dira, eta ez alderantziz.
Analisia lurrera ekarriz, bere iritziz enplegua da berrasmatu beharreko esparruetako bat. Egun, enplegua lortzeko bulegoak ezinean dabiltza. Zergatik? Cottamen esanetan, enplegua aurkitzeko egungo moduak ezberdinak direlako eta gehienetan konexio sozialen bidez lortzen direlako. Iraultza digitalaren testuinguruan, «lotura sozial aberats eta askotarikoak» dira gakoa, «enpleguan, enplegutik kanpo eta enplegu artean». Hortaz, enplegua lortzeko laguntzetan ez ezik, gizarte loturak aberastean jarri behar da arreta.
Horrez gain, osasun sistema ere aldatu beharrekotzat jotzen du: «Sistema oso bertikalak dira eta ez dute gaixoa osotasun gisa ikusten: silo antzekoak dira eta isolatuta jokatzen dute». Nola aldatu eredua? Esperimentu ezberdinetan frogatu duenez, logika erlazional eta horizontalagoa behar da: hasteko, pazientea «pertsona oso» bezala behatu behar da; segitzeko, pertsona horrekin zerikusia duten agente eta profesional ezberdinak mahai beraren bueltan elkartu behar dira, era integralean artatzeko. Harreman horretan, errezeta jakinak emateaz harago, galdetzea eta entzutea izango da egiteko nagusietakoa. Hala, ezarian, konfiantza sortu eta gaixotasunari aurre egiteko urratsak egitea posible izango da.
Beste hainbat esparru ere landu zituen. Horien bidez, funtsean, ongizate ereduaren paradigma aldaketa proposatu zuen Cottamek: arazo jakinak konpontzea baino gehiago, bizitza onak loratzeak izan behar du xedea; beharrak kudeatzea ordez, gaitasunak garatzea; goitik behera aritu ordez, erlazio sare osoa hartu behar da aintzat; baliabideak bereizita baino konektatuta eskaini behar dira… Cottamen ustez, era horretan bermatuko da denentzako «laguntza erradikala».