Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Urdaibaiko Guggenheimi buruzko informazio falta dutela argudiatu dio Anduezak plataformari

Eneko Andueza PSEko idazkari nagusik Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformarekin izan zuen bileran proiektu polemiko honi buruzko informazioa falta zaiela argudiatu zuen, EAJren Gasteizko gobernu kidea den arren. Vidarte ordezkatuko duen museoko zuzendari berriaren zain omen daude.

Eneko Andueza, irailean Gasteizen egin zen lehenengo kontrol-osoko bilkuran.
Eneko Andueza, irailean Gasteizen egin zen lehenengo kontrol-osoko bilkuran. (Endika PORTILLO | FOKU)

Irailaren hasieran Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin bildu ondoren –«kea saltzen ari digutela» iruditu zitzaien orduan–, Guggenheim Urdaibai Stop! herri plataformak alderdi eta eragile desberdinekin burutzen ari den bilera eta kontaktuei jarraipena eman dio. Ostegun honetan, urriaren 3ean, Eneko Anduezarekin, PSEko idazkari nagusiarekin, elkartu zen. Bileran Itsaso Asensio parlamentaria egon zen ere.

Zerumugan, datorren urriaren 19an, larunbatean, 18.00etan, Gernika-Lumoko Pasealekuan Guggenheim Urdaibaiko proiektuaren aurka deitu duten manifestazioa. Egun hauetan, sare sozialetan eragile, kulturgile eta izen ezagunen hainbat atxikimendu zabaltzen ari dira.

Eneko Anduezarekin izan zuten bilerari dagokionez, plataforma bilerari baietza eman izanaz eskertuta agertu arren, ez du bere kezka eskutatu. Ostiralean helarazitako komunikatu batean aipatzen dutenez, bileran, herri ekimen honen helburuak eta kezkak aurkeztu zizkioten; era berean, Anduezak ordezkatzen duen alderdiak proiektu honen inguruan duen iritzia ezagutu nahi zuten».

Anbiguotasuna, eskualdea, lehentasunak

Azken honi dagokionez, PSEk «publikoki erakutsi duen anbiguetateak» kritikatu dute, anitzak izan baitira alderi honetatik entzun dituzten iritziak, haien aburuz: «Eskualde mailan, proiektuaren parte den Muruetako egoitza izango litzatekeenaren kontra agertuz, edota informazio faltaren aurrean gardentasuna eskatuz eta eskainiz –diote–. Bestalde, parte diren zenbait administraziotatik, proiektua bideragarria egiteko beharrezko diren urrats administratiboei babesa ere erakutsi die, eta Euskal Gobernua eratzeko, Guggenheim Urdaibai proiektua jasotzen duen gobernu akordioa ere sinatu dute. Herritarrontzat, zaila da egoera honen aurrean, egitasmo honen inguruan alderdiaren jarrera argia identifikatzea».

Egindako bilera honetan, eta Lakuako Gobernuko kideak diren arren, PSEko ordezkariek «proiektuaren ezezagutza adierazi zuten, informazio falta –dio plataformak–. Beharrezko ikusten dute proiektua ezagutzea, balorazio bat egiteko eta euren posizioa zehazteko; baina bitartean, aurrerapausoak ematearen alde agertzen dira». Hau da, proiektuaren dimentsioak ezagutu nahi dituzte, legearen barnean egon behar du eta Madrildik proiektuak eskuratu dituen 40 milioi euroak testuinguru honetan sartzen dituzte: «Biosfera Erreserbaren errestaurazioan, leheneratzean. Informazioa eskuratzeko jatorria Guggenheim Fundazioan kokatzen dute eta Vidarteren ondorengoa izango denarekin bilera izateko zain daude», kritikatu dute, arduraturik.

Informazio iturria, museoa bera

Plataformaren iritziz, informazioaren iturria Guggenheim Fundazioa izatea «guztiz kezkagarria da, entitate pribatuen esku uzten delako eskualde baten etorkizuna. Fundazio honen parte diren patronoak dituzten gurariak eta herritarrok ditugun beharrak, ez baitute, segurunik, bat egingo».

«Eta bitartean aurrerapausoak ematearekin ados egoteak ere kezka handiak sortzen dizkigu: urrats hauek, HAPOen aldaketak, Kosta legearen jabaritza zormenaren murrizketa, Lekuko Plan Partzialen moldaketa, edota Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Zuzentzailearen moldaketak, helburu bakarra baitute eta berau ezta herritarraren hobe beharra, museo bat eraikitzea baizik», jarraitzen dute.

PSEren iritziz, lehentasuna du Busturialdeko eskualdearen beharrei erantzungo dien plan integral bat sortzea. «Horretan bat gatoz», dio plataformak. «Informazio zehatza eskuratzen dutenean, plataformarekin konpartitzeko prestutasuna ere erakutsi dute, eta hau eskertzekoa da», aipatu dute ere.

«Bilera honek ere ez du proiektu horren inguruan dugun ideia aldatu, ezta gutxiago ere. Gaur konbentzituago gaude, proiektu hori inongo diagnostiko barik proposatutako okurrentzia bat besterik ez dela, eta lege eta araudiak tolestu eta moldatuz, urratsez urrats bideragarri egiten saiatzen diren bitartean, desinformazioa dela nagusi...edo behintzat, hori da pentsatzea nahi dutena», bukatzen dute.