Arraun munduan, beste kiroletan bezalaxe, denboraldia amaitzen denean zurrumurruek hartzen dute lekukoa. Aurtengo sasoia amaitu berritan, Iker Zabalak Urdaibairekin ez zuela jarraituko jakin zenean, zurrumurru horietako batek esaten zuen entenatzailea Oriora joango zela entrenatzera.
Bada larunbat honetan ofiziala egin dute mirotzek euren webgune ofizialean. Oso adierazpen motza egin dute, Zabala beraren argazki batekin, baina argi eta garbi utzi dute datorren denboraldiko senior mutilen entrenatzailea berria Iker Zabala izango dela.
«Ongi etorri gure artean», eman dio ongietorria Oriok eta zuzendaritzak. Berarekin batera, Ander Zabala prestatzaile fisikoa ere badator.
Zabalak 45 urte ditu eta arraunlari bezala Bermeon formatu zen. Castron ere aritu zen bi denboraldietan. Entrenatzaile bezala, 2009an "Bou Bizkaia" klubeko bitarteko bezala aritu ostean, ondoren bere lehen proiektu handia bereganatu zuen 2017an, Santurtzira joanda. Bertan, bi Liga eta Kontxako Bandera bat irabazi zituen. 2021ean Urdaibaira itzuli zen, Kontxako azken hiru estropadak eta hiru Ligak irabazita (2022, 2023 eta 2024).
Mikel Arostegiri agurra
Fitxaketa honek, nola ez, beste aldaketa bat dakar. «Hausnarketa eta eztabaida prozesu baten ostean, zuzendaritzak erabaki dugu Mikel Arostegi ez dela lehen taldeko entrenatzailea izango aurrerantzean», adierazi du klubak.
Erabakia «errespetu eta erantzukizun osoz» hartu dela aitortzen du Orio Arraunketa Elkarteak, beti ere «gure klubak etorkizunean izango dituen erronkak aurrera eramateko beharrezkoa den bidea bilatzeko asmoz», gaineratu du.
«Mikel azken urtean gure klubaren zutabe nagusietako bat izan da. Bere dedikazioa, pasioa eta profesionaltasuna ez dira bakarrik ur gainean lortutako lorpenetan islatu, baizik eta gure arraunlarien prestakuntza pertsonal eta kirol arloan ere. Bere lidergoari esker, taldea eta kluba aurrera eraman ditugu, garai batean lortzeko zailak ziruditen erronkak gaindituz», azpimarratu du Oriok Mikel Arostegiri buruz.
Are gehiago, argi utzi nahi izan du «zalantzarik gabe, bere ahalegina guztion inspirazio iturri izan dela».