Jon Ander Peña eta Jose Javier Zabaleta, txapelketaren lehen erdian hanka bat kanpoan zuen bikotea, dira aurtengo Mastersaren txapeldun berriak, Nafarroa Arenan jokatutako finalean Altuna-Iztuetari 22-13 gailenduta. Aurrelari tolosarraren lan bikaina gutxietsi gabe –bide batez uda hasierako sanferminetako kaiolako arantza atera ahal izan du Altunaren aurrean–, Jose Javier Zabaletak izan du garaipen honen «errurik» handiena, lesio baten erruz etxarrendarrak galdu zituen lehen bost partidetatik bakarra irabazi baitzuten eta ordutik aurrerako beste bostetan 22ra heltzea lortu dutelako. Jokin Altunak, bere aldetik, bere palmares oparoa borobildu ezinik jarraituko du beste urte batez.
Ostiraleko lehen finalerdiak bezalaxe, finalak bi zati oso desberdin izan ditu, orekatua eta lehiatua lehen erdia –Altuna eta Iztueta tanto baten aldearekin joan dira lehen atsedenaldi luzera Zabaletaren txakalalditxo bakarrari esker 12-11–, baina hortik aurrera, Zabaletak atzean agindu eta Jon Ander Peñak etekin ederra atera die bere atzelariak irekitako zuloei. Ostiralean kamuts antzean aritu bazen, gaurkoan ederki itxaron dio bere aukerari eta, unea heldu denean, aurrera pauso bat eman eta bikain amaitu du.
Iztueta gastatu
Bere lehen mailako lehen finalean, Martxel Iztuetak eraman gabe utzi du Peñaren lehen sakea –aurrelari tolosarrak ongi ikasia ekarri du lehen pilotakada motz eta ezker pareta ukituz egin behar zuela– baina ez dio eragin handirik egin eta bikain eutsi dio, Nafarroa Arena bezalako pilotaleku gogor batean, Zabaletari eusteko erronka izugarriari. Sarri aurrelarien gantxo eta erremateek txunditzen bagaituzte ere, etxarrendarra eta tolosarra bezalako bi atzelari dotoreen –koadroko eleganteenak zalantza handirik gabe– arteko piloteoek ere pilotazalerik exijenteena asetzeko modukoak izan dira.
Oraindik fisikoki erabat egin gabe eta ofizioa ikasteke duen pilotari bat izateko, Zabaletari horrenbeste denboran eutsita eta osatutako txapelketarekin oso gustura egoteko motiboak ditu tolosarrak, onenen ateak geratzeko jo dituela ematen du eta, nahiz eta azkenerako luze egin zaion bigarren zatian hazi egin den Zabaletaren –Peñaren laguntzarekin– erauntsiari eustea.
Eta uda bertan sanferminetako lau eta erdikoa irabazten hasi bazuen ere, Navarra Arenak Jokin Altunarentzat frontoi desegoki bat izaten jarraitzen du, bereziki binaka eta jotzaile baten aurka aritu behar badu. Pilota asko eta bizi irteten da frontisetik eta honek urrunetik sartzera behartzen du, honek dakarren arriskuarekin. Finalaren lehen zatian lortu du, tarteka, aurkariei mina egitea meritu handiko tantoekin, baina erditik aurrera protagonismorik gabe utzi dute aurkariek eta ezinean aritu da. Gainera, amezketarra kexu agertu da Peña-Zabaletak azken txanpa horretan erabili duten pilota erabat gelditu delako «baloi bat zirudien» eta horrek are zailagoa egin dio berez ere batere erraza ez zuen lana.
FITXA TEKNIKOA:
Altuna III.a-Iztueta: 13
Peña II.a-Zabaleta: 22
Pilotakadak: 509. Iraupena: 60,23 minutu. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-4, 4-4, 4-6, 6-6, 6-10, 9-10, 9-11, 12-11, 12-17, 13-17, 13-22. Sakeak: 0 Altuna III.ak eta 5 Peña II.ak. Egindakoak: 5 Altuna III.ak, 2 Iztuetak, 8 Peña II.ak eta 3 Zabaletak. Galdutakoak: 2 Altuna III.ak, 4 Iztuetak, 2 Peña II.ak eta 3 Zabaletak. Gorabeherak: Sarrera bikaina, ia 2000 lagun Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan Mastersaren finalean. Lehen sakea urdin.