Luis Baraiazarra Txertudi idazle, itzultzaile, apaiz karmeldarra eta ohorezko euskaltzaina Galdakaoko ospitalean hil da, bart, 84 urte zituela, Euskaltzaindiak berri eman duenez. Haren aldeko hileta elizkizuna asteartean izango da, Markina-Xemeingo Karmeldarren elizan, 18.00etan.
Baraiazarra Meñakan jaio zen, Urezandigoikoa baserrian, 1940ko martxoaren 17an. Herriko eskolan ikasi ondoren, Zornotzako karmeldarren seminarioan sartu zen. Filosofia Gasteizen ikasi zuen eta Teologia Bilbon, eta Euskal Filologian ere lizentziaduna zen. 1966an apaiz sartu eta Larrean hilabete batzuk egin ostean, Markina-Xemeingo komentura joan zen; bertan bizi izan da gaurdaino. Magisteritza ere ikasi zuen Baraiazarrak, eta hainbat urtez Bera Kruz ikastetxeko irakaslea izan zen.
Euskaltzaindiak gogoratu duenez, garai hartan euskarazko material gutxi zegoen, eta oso ezagunak egin ziren bi liburu idatzi zituen: ‘Euskal Herriko historia I eta II’. 1988an irakaskuntza utzi eta hiztegigintzari heldu zion, Bostak Bat lantaldearekin.
Aldizkari ugaritan idatzi zuen, baina ‘Karmel’ aldizkarian nabarmendu zen, poeta, idazle eta zuzentzaile bezala. Bere lanen artean biografiak (Augustin Zubikarairena, Santi Onaindiarena, Jon Lopategirena...) eta itzulpenak nabarmendu behar dira.
Baraiazarrak, gainera euskarara ekarri zituen Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoko testuak, eta Teresa Lisieuxekoaren, Santa Teresa Avilakoaren eta San Joan Gurutzekoaren idazlan guztiak.
Santa Teresaren idazlanak euskaratzeagatik Espainiako 2015eko Itzulpen Onenaren saria eman zioten, baina ordu batzuk beranduago kendu egin zioten, epaimahaiaren akats bat tarteko.
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen idazkari ere izan zen hainbat urtean, eta epaile moduan ibili zen txapelketetan. Omenaldi ugari jaso ditu, eta 2016tik Meñakako udal liburutegiak haren izena darama.