Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusiak «lehiakortasuna» izan zuen hitzetik hortzera atzo Euskadi Irratian. Izan ere, bere ustez, Europak «lehiakortasun arazo handi bat du», eta horrek zuzenean eragiten die euskal enpresei. Ayerzaren hitzetan, Txinarekin eta Ameriketako Estatu Batuekin lehiatzen jardun beharko lukete bertako enpresek eta ez da hori gertatzen ari: «Gure produktu propio gehiago eduki behar ditugu, teknologian aurreratuago egon behar gara, Txina eta AEBen aurkako lehian galtzen ari gara, postuak irabazi behar ditugu eta horretarako inbertsioak behar ditugu».
Datuei erreparatuta, aitortu zuen 2024a ez dela «urte txarra» izango: «1,8 eta 2,2 arteko hazkundea espero dugu barne produktu gordinean, 3.500 lanpostu inguru sortuko dira, baina baditugu ahulezia batzuk, batez ere industriarekin eta metalurgia zein automozioarekin lotuta».
Bertako enpresak
«Herri bezala enpresak behar ditugu» adierazi zuen, eta gaineratu, bertako enpresak bertako kapitalarekin bultzatzea dela egokiena eta hori dela, bere ustez, indartu beharrekoa: «Lortu behar dugu gure enpresak gehiago errotzea, azken urteetan gero eta etxeko kapital gutxiago dago enpresetan eta hori ez da berri ona».
Absentismoak asko kezkatzen duela aitortu zuen, «lanari balorea kentzen ari gatzaio, lana egin beharra dago, eta lanera ez joateko jarrera horrek hausnarketa bat beharko luke», azaldu zuen Ayerzak. Gainera, lanaldiaren ordu kopurua jaitsi behar bada, lana «hobeto» egin behar dela uste du, «aberastasuna sortu nahi bada, behintzat». Lanaldiak murrizteko dagoen joera edo ideiaren inguruan galdetuta, argi erantzun zuen lehiakortasuna hartu behar dela kontuan, eta lanaldiak txikitu nahi badira produktibitatea handitu behar dela: «Txinak eta AEBek ordu gehiagoz lan egiten dute; guk ordu gutxiago egin nahi baditugu, produktiboagoak izan beharko gara».
Hurrengo hamarkadan «baby boom belaunaldiko» langile asko erretiratuko direla-eta, euskal enpresagintzak egoera horri erantzuteko etorkin asko beharko dituela iragarri zuen: «Gure lanpostuak erakargarri egin behar ditugu; hori epe motzeko erronka da».