Asier Serranok ‘Euri gorriaren azpian’ (Erein) eleberria aurkeztu du astearte goiz honetan. Idazletzatik erretiratu den emakume bat da eleberriko protagonista, 25 urte lehenago diktadurapeko hiri batean ezagutu zuen bere senarra izango zen gizon antzezlea, eta orain, senarra hilzorian dagoela hirira itzuliko da haren enkagua betetzera. Misterioz eta sinboloz beteriko liburua dela azaldu dute aurkezpenean eta irakurlearekin jolas egiten duela. «Hemen biltzen da nire literatura eta nire mundu osoa», aitortu du aurkezpenean eta zirkulu bat ixteko balio izan diola eleberriak onartu du, «jada ez diot ezer zor literaturari».
«Barne bidaia bat da bidaia baten barnean», azaldu du Uxue Razquin Ereineko editoreak. Serranoren ohiko estiloari eutsi diola liburu berrian ere azaldu du editoreak: «Bortitza da, latza, loitsua, baina aldi berean Serranoren estiloaren poetikotasunari eusten dio, irakurketa hipnotikoa izatea lortzen du, irudi metaforiko asko erabiltzen ditu».
Duela bost urte hasi zen eleberri hau idazten, bere buruari ezarritako «promesa» baten harira, izan ere, trilogia bat idatzi nahi zuela kontatu du aurkezpenean, bata gerraren ingurukoa, bestea boterearen ingurukoa eta etika landuko zuena hurrena; ez zekien ordea zein hurrenkera izan behar zuten, eta aurkeztu berri duen liburua idazterakoan ohartu omen da, hirurek hitz egiten dutela botereaz.
Pandemiaren ondoren erabaki zuen hasitako eleberria argitaratzea, eta garaiari egokituta dagoela uste du: «Liburu honek gaur egun du zentzua, eta akaso horregatik egon da kaxoian. Azken urteetako gizartearen ez-aldaketek eman diote zentzua liburuari».
Baztertutako pertsonaiak
Boterearen inguruan hausnartzen du liburuak, esan du forma ezberdinetan topatu daitekeela, «ekonomiaren maskarapean, multinoazional era, politikarien erotika forman… ez dakit zer den boterea, norberaren irrintzitik agertzen den zerbait da».
«Gizartean baztertuak izan diren pertsonaiak» jasotzen dituela liburuak kontatu du Serranok, eta azaldu du berak idazterakoan ez duela dokumentazio lanik egiten, «amesgaiztoetatik abiatzen naiz», esan du. Eta ohartarazi du bere ahalegina bizi dugun gizartearen errealitatea «eskuratzean» datzala, «horrorearen edertasuna bilatzea».
Emakumezkoa da protagonista, eta horrek ere sortu izan dizkio zalantzak eta kezkak: «Beldurra nuen ea lortu nuen ondo transmititzea, ea kontaketa erreala egiten nuen interesatzen zitzaidan». Eta kontatu du, bestearen lekuan jartzea interesatzen zaiola, «ulertzen ez dudan hori ulertu nahiak ere bultzatzen nau idaztera».
Irakurlearekin joku moduko bat egin nahi izan du Serranok, galdera zuzenak egiten dizkio tarteka narratzaile orojakileak. «Irakurleak berak esan beharko dio bere buruari nor den narratzailea, nor dago ahots narratibo horren atzean?», galdetu du eta gehitu, irrikaz dagoela irakurleen erantzunak jasotzeko.
Azaldu du «azkar» irakurtzen den liburua dela, baina bere helburua, azkar irakurrita ere, kantu txarrekin gertatzen den gisan, «buruan bueltaka geratzea» dela.