Urte «berezi eta berritzaile» gisa definitu du aurtengoa Jaizkibelek Alardearen balantzea egiterakoan, hondarribiarren jai handitik hilabetera. Udalak entseguetarako zein irailaren 8rako argitaratu zituen ebazpenak nabarmendu ditu konpainia parekideak: «Lehen aldiz herriko konpainia guztiak batera Udalak egindako ebazpen administratibo beraren baitan antolatuak izan gara».
Udala eskertu nahi du egindako urratsengatik. «Ez dira izan nahiko genukeen bezain handiak, baina elkarrizketarako eta aurrerapausoak emateko borondatea agerikoa da. Gure aldetik ere, orain arte bezala jarraituko dugu, elkarrizketaren eta konponbidearen alde beti».
Honetaz gain, Jaizkibelek ebazpenean ezarritako guztia bete zuela berretsi du, ordutegi eta espazio mugapenak barne.
Udaltzaingoak egindako lana ere eskertu du. Eta zera baieztatu: «Espazio berean egoteko prest gaude. Honela irudikatu dugu Guadalupeko botoan zein belardietan, San Pedro kalean konpainien desfileak amaitzen direnean nahastuz, edo hainbat entsegutan».
«Batzuek bazterkeriaren eta marjinazioaren irudia tradizioen gainetik jarri duten arren, agerikoa da, eta egun osoan zehar bizitu izan genuen, geroz eta gehiago garela elkar aitortu eta elkarrekin ospatzeko gogoa erakusten dugun hondarribiarrak», azpimarratu du konpainia parekideak. Eta Guztion Alardeak egindako deialdia zein irailean helarazi zituen mezuak ere eskertu ditu.
Inklusioa
Naia Salaberria kantinerak konpainian txertatu duen irakaspen handia ere nabarmendu du Jaizkibelek: «Aniztasun funtzionalaren begiradaz aztertu dugu eguna. Mugikortasuna zailtzen duen oztopo oro edo komun egokituen falta, ezgaitasun motorea duen pertsonari bizitzaz eta festaz gozatzeko sortzen dion ezintasuna gure balitz bezala bizi izan dugu eta publikoki adierazi nahi dugu borroka hau gurea ere badela eta bat egiten dugula gure herria irisgarria eta denontzat bizigarria izateko eskaerarekin».
«Urtero bezala, bihotzez, konpainia barrutik zein kanpotik osatzen eta hauspotzen duten kideak eskertuz» jarraitu dute balorazioa. Milatik gora izan dira musikaren doinuz kalean gora eta behera ibili direnak, eta hainbat gehiago haien txaloekin babestu dituztenak.
Mezua Kale Nagusian bizitako ‘Zapatero’ jaitsieraren zaporearekin amaitu dute: «Kale Nagusian ospatzearen ametsa bete genuen, zirraraz amaitu genuen eguna. Zirrara horren indarrez, urte osoan lanean jarraituko dugu, eskubide gehiago eskuratzea helburu. Marjinazioa bultzatu eta parekidetasunari bizkarra ematen dion herria ez, baizik eta elkarrekin guztiona den ondarea, alardea, ospatzeko prest dagoen herria garela erakuts dezagun».