NAIZ

‘Etengabe’ lelopean ospatuko da Araba Euskaraz ekainaren 15ean, Bastidako ikastolarentzat

Olarizuk hartuko du berriz ere Araba Euskaraz jaialdia. 2025eko ekainaren 15ean izango da, oraingoan Bastidako ikastola laguntzeko antolatu dute. Hala ere, urritik aurrera hainbat ekintzarekin bultzatuko dute euskararen erabilera Araban, jaiaren eguna iritsi arte.

Gasteiz Antzokian aurkeztu dute 2025eko Araba Euskaraz.
Gasteiz Antzokian aurkeztu dute 2025eko Araba Euskaraz. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Bastidako ikastola laguntzeko ospatuko da 2025eko Araba Euskaraz jaialdia, beste urte batez Olarizun, oraingoan ‘Etengabe’ lelopean. Jaia ekainean izango den arren, urritik aurrera zenbait ekintza kultural eta musikal antolatu dituzte.

Ostegun honetan aurkeztu dituzte jaiaren nondik norakoak Gasteizko Izaskur Arrue Kulturgunean, Gasteiz Antzokian, eskainitako prentsaurreko batean. Unai Mendizabal, Arturo Lopez de Lacalle eta Ketxu Bedialauneta Bastida Ikastolako zuzendaria izan dira bertan.

Leloari dagokionez, azaldu dutenez, «euskara eta euskal kultura transmititzea eta biziberritzea» helburu duen ereduan «etengabe» lan egiteari egiten dio erreferentzia. Aldi berean, «ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren bidez eraldatzen den hezkuntzaren» garrantzia nabarmendu nahi dute.

Bastida Ikastolak 1979an ireki zituen bere ateak bederatzi ikaslerekin. Gaur egun 175 dira bertan ikasten duten ume eta gaztetxoak eta Arabar Errioxan euskara bultzatzeko agente garrantzitsuenetariko bat da ikastolen jaien antolatzaileentzat. Joan den ekainean ere eskualde horretan ardaztu ziren, Oiongo ikastolan, hain zuzen.

Urriaren 18an, datorren ostiralean, jaiaren beste aurkezpen bat egingo dute Bastida Ikastolan bertan.