EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du ostegun honetan, Gasteizko Legebiltzarrak Lakuako Gobernuari urtebeteko epean Justizia Administrazioan herritar guztien hizkuntza eskubideen berme maila aztertzeko eska diezaion. Zehazki, honako hau aztertzea eskatu du indar soberanistak: Justizia Administrazioko giza baliabideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak EAEri eskualdatu zitzaizkionetik gaur arte, administrazio horretan hizkuntza-eskubide oro bermatzeko hartu diren neurriak; neurri horien ondorioak eta Justizia Administrazioko langile eta erabiltzaileen hizkuntza-gaitasunak, -ohiturak eta -eskakizunak, bai eta erabiltzaile edo langileek erabakitzen duten hizkuntzan jarduteko dituzten oztopo eta arazoak ere.
Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, justizia administrazioaren eremua «itogunea» da euskararentzat. «Edozein prozedura judizial euskaraz egin nahi izan duen edonork bizi izan ditu horretarako dauden eragozpenak. Ia ezinezkoa da prozesu judizial oso bat euskaraz egitea. Batzuek esan nahi dutenaren kontrara, gure errealitatea ez da elebiduna», adierazi du.
Izan ere, duela hilabete erdi, Europako Kontseiluak afera honi buruz hitz egin zuen, Hego Euskal Herriko agintariei eskatuz epaiketak euskaraz egiteko aukera bermatua geratu dadin neurriak hartzeko. Hala, Estatu espainiarrak sinatua duen Europako Hizkuntza gutxituen Gutuna betetzea eskatu zion Europako Kontseiluak.
Bestalde, atzo, Imanol Pradales lehendakariak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian urte judizialaren hasierako ekitaldia baliatu zuen Justiziaren «errealitatea» alda dadin eskatzeko, epaiketak euskaraz egin daitezen. Azpimarratu zuen Administrazioaren zeregina dela herritarrei eskubide hori bermatzea.
EAJ eta PSEren zuzenketa egin du aurrera
Sumarreko Jon Hernandez legebiltzarkideak, EH Bilduren proposamenaren alde zegoela baieztatu ondoren, bere zuzenketa propioa defendatu du, non hizkuntza-eskubideei buruzko azterketa hori justiziaren eremura ez ezik, euskal administrazio osora ere eraman nahi izan duen, hala nola Ertzaintzara edo Osakidetzara.
EH Bilduren proposamena zein Sumarreko zuzenketa atzera bota ditu EAJk eta PSOEk duten gehiengoak. Aldiz, bere zuzenketa propioa onartu dute Lakuako Gobernuari justizia euskalduntzean aurrera egiteko eskatzeko, Justizia Administrazioaren 2023-2032 Hizkuntza Normalkuntzarako Planaren arabera eta herritarrek eta profesionalek euskarazko zerbitzuak erabil ditzaten sustatuz.
«Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Justizia Administrazioarekin lotuta hartzen dituen neurriek justizia unibertsala eta eskuragarria berma dezala, herritarren eskubideak bermatuko dituena babes judizial eraginkorra izateko, bereziki pertsona ahulenei arreta jarrita, edozein sarbide-oztopo desagerrarazteko moduan», dio onartutako zuzenketaren bigarren paragrafoa euskarari aipamenik egin gabe.
Bere defentsan, Pau Blasi PSEko legebiltzarkideak aitortu du «epaiketa bat euskara hutsean egiteko aukera oso zaila dela». EH Bilduk egiten duen egoeraren diagnostikoarekin ados egon daitekeela esan badu ere, errezetetan ados ez egotea posible dela azpimarratu du. Bitxia, EH Bilduk egoeraren azterketa egitea proposatu duelako, eta ez duelako neurri zehatzik aipatu.