Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Eskalatzaile errusiarrek ekarpen handia egin dute Pamir mendilerroko inguru ezezagun batean

Darya Serupova, Anastasia Kozlova eta Olga Lukashenko dira protagonistak. Hiruko horrek, besteak beste, Argo mendiaren (4.750 m) iparraldeko horman 1.250 metroko eta 7b, M5 eta A3 zailtasuneko marra berria sortu du.

Eskalatzaile errusiarrek lan bikaina egin dute Pamir mendilerroan.
Eskalatzaile errusiarrek lan bikaina egin dute Pamir mendilerroan. (Olga LUKASHENKO)

Errusiako alpinismoa aipatzen badugu, lehen lerroan ibiltzen diren protagonista asko zerrenda berezi batean sar genitzake. Mediatikoenen inguruko berriak maiz jasotzen ditugu, baina, maila oso handia duten arren, badira beste batzuk ia oharkabean igarotzen direnak. Eta hori batez ere emakumezkoen artean gertatzen da.

Alabaina, tantaka bada ere, izen berriak heltzen zaizkigu. Eta haien jarduerak ezagutzen ditugunean, ohartzen gara errusiarrek egundoko oinarri sendoa dutela alpinismoan. Hori gertatu zaigu hurrengo hiru protagonistekin. Darya Serupova, Anastasia Kozlova eta Olga Lukashenko dira. Errusian, bederen, berezko lekua dute, eta horren isla dira eginiko jarduera alpinoengatik jasotako aitortzak. Iaz, adibidez, Lukashenkok herrialde horretan emakumezkoentzat antolatzen den Urrezko Pioleta jaso zuen. Kozlova eta Serupova, berriz, finalistak izan ziren.

Hormatzar eta mendi ezberdinetan egiten dituzten ekarpenengatik hirukote hori beka batekin egin zen. Hain zuzen ere, emakumezko eskalatzaileak eta alpinistak bultzatzen dituen Grit&Rock Expedition ekimenak sortutakoa. Helburua: esplorazioan oinarrituta bide berriak sortzea. Eta elkarte horren diru-laguntzarekin joan den udan hiru protagonistok Pamir mendilerrora (Kirgizistan) abiatu ziren. Baina Pamir ezezagunera; hots, Gissaro-Alainen dagoen Ashat Murrura.

Murru hartan izan dira espedizioren bat edo beste; baina guztiak ala guztiak gizonezkoek osatutakoak. Batez ere, errusiarren presentzia nabarmena izan da. Bada, Serupova, Kozlova eta Lukashenkok egoera hori irauli egin dute, eta nola ere. Izan ere, hiruko horrek zailtasunean gogorrak diren bi ibilbide ireki zituen.

200 kilo tresneriarekin kanpaleku nagusira heldu ziren; Ashat Murrutik bizpahiru ordura zeuden. Argo mendiaren (4.750 m) iparraldeko horma xede nagusia izan zuten, baina girora egokitzeko eta motorrak ondo berotzeko Mendebaldeko Parus mendira (4.850 m) joan ziren. Hego-mendebaldeko paretan 1.460 metro eta 28 luze dituen bide bat zabaldu zuten. ED- (5b errusiar eskalan) zailtasuna du; eta, zehazki, 6c, M3 eta A2 mailako tarteak gainditu zituzten.

Lan guztiak biribiltzeko bi egun eta erdi behar izan zituzten. Ibilbide berriak diedro, artesi eta plaka asko ditu, eta alpinistok diote haizeteek eta artesiek zuten hezetasunak eragozpen handiak eman zizkietela. Oso gutxigatik bada ere, ibilbide hori ez zuten guztiz era askean igo.

Helburu nagusia

Mendi horretan eginiko jarduerak beste bati lekukoa eman zion. Arestian aipatu dugunez, Argo mendian kokatu zuten xede nagusia. Eta onartu behar zaie lan bikaina egin zutela. Sortutako marrak 29 luze eta 1.250 metro ditu. Zailtasun teknikoak, berriz: 7b, M5 eta A3. Orohar, ED edo 6A errusiar eskalan.

Lehenbiziko sekzioan izotzezko korridore bat igo zuten. Baina tenperatura altuengatik, hasierako 500 metro horiek mistoan eskalatzera behartuta egon ziren. Ibilbidearen bigarren zatiak, aldiz, beste itxura bat du. Askoz ere tenteagoa da, eta arroka da nagusi. Era askean, gehienez, 7b eskalatu zuten. Zoritxarrez, artesi batzuk oso arriskutsu zeuden estilo horretan igotzeko. Gainera, ekaitz arriskua oso handia zen. Egoera eta baldintza horiek ikusita, tarte batzuk artifizialean igo zituzten.

Eskalatzailekok aurreratu dute kide bakoitza eremu batean sokaburu joan zela: Kozlovak eskalada artifizialean lidergoa hartu zuen, Serupovak arrokan eta Lukashenkok mistoan. Eta gehitu ere, oso harro daudela eginiko lanarekin; batez ere, Argo mendiaren puntu garaienera heltzen lehen emakumezkoak izan direlako. Bide batez Grit&Rock ekimenaren laguntza eskertu nahi izan dute: «Beka horrekin inguru berri bat ezagutzeko aukera izan dugu. Eta esplorazioan oinarritutako espedizio bat zenez, Ashat Murrua eta Argo mendia helburu paregabeak iruditu zaizkigu. Mutilen eta nesken arteko ezberdintasunei ez diegu garrantzirik ematen, baina jakin genuenean ingurumari hartan lehen emakumezkoak ginela, bada gure filosofia indartu zen. Espedizio zaila eta gogorra izan da; horrekin ez dugu zalantzarik. Baina zehazki hori da bilatzen duguna».