Azken ordura arte itxaron behar izan badu ere, Iñaki Artolak gainditu du sanmateotako finalerdian duela bi aste izandako izterreko lesioa eta bere burua igandean Joseba Ezkurdiaren aurka jokatzeko moduan ikusten duenez, Lau eta Erdiko txapelketan parte hartzeko erabakia hartu du. Alegiarrak 45 minutu inguruko saio bat egin du gaur goizean partida hori jokatuko den Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan eta, hankak ondo aguantatu dionez, aurrera egiteko hautua egin du.
Gauzak horrela, Baikoko aurrelari gipuzkoarrak lehen mailako txapelketa jokatuko du eta aurre-kanporaketan Zubizarretaren aurka galdu zuen Iker Larrazabalek B serieko txapelketa jokatuko du. Amurrioarra zain zen, Artolak lehen mailakoari uko egin ezkero, berak hartuko zuelako bere kidearen lekua, baina Artolak hobera egin duenez, bigarren mailakoarekin konformatu beharko du eta astelehenean jokatuko du bere partida, Tolosako Beotibarren Aldaberen aurka.
Jokoz oso une onak izan dituen arren, ezker zangoko gihar lesioek ez diote alegiarrari uda honetan behar beste gozatzen.Ekainetik hona hiru aldiz geratu behar izan du antzeko lesioen erruz.
Lehena soleoan izan zen, 25 egunez egon behar izan zuen kantxetatik kanpo eta sanferminetako feria jokatu ezinik geratu zen. Irail hasieran iztondoan hartu zuen min eta Masterseko lehen faseko azken bi jardunaldiei uko egin behar izan zien eta berriz ere sasoi onena berreskuratu zuela zirudienean, sanferminetako binakako feria bertan behera utzi behar izan zuen beste lesio baten erruz.
Zorionez, garaiz errekuperatu da eta kaiolako txapelketan jokatzeko moduan izango da, nahiz eta ezin izan duen lehiaketa nahi bezala prestatu eta zozketarekin ere ez zuen zorte handirik izan, Joseba Ezkurdia bezalako espezialista handi baten aurka jokatu beharko duelako final zortzirenetako kanporaketan.