NAIZ

Duela 50 urte Guardia Zibilak hil zuen Jon Urzelai omendu du Egiari Zor fundazioak Zorrotzan

Duela 50 urte, Jon Urzelai Zorrotzako Guardia Zibilaren segada batean hil zen. ETAko kide batekin izandako tiroketa batean agente batek izandako lesioen mendekua izan zen haren heriotza. Igande honetan ekitaldia egin du Egiari Zor fundazioak, Zorrotzan, Urzelai gogoratzeko.

Egiari Zor fundazioak Jon Urzelai omendu du igande honetan, Zorrotzan.
Egiari Zor fundazioak Jon Urzelai omendu du igande honetan, Zorrotzan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Duela 50 urte Guardia Zibil frankistak abiatutako operazio baten ondorioz Jon Urzelai Imaz beasaindar gaztea hilik suertatu zen Zorrotzan. Igande honetan omenaldia egin dio Egiari Zor fundazioak, eta salatu du gatazkaren testuinguruan Estatuaren bortxa pairatu dutenenen aitortzarako bidean bertsio ofizialek oztopo izaten jarraitzen dutela.

Izan ere, Urzelairi guardia zibil bat hil izana leporatu zioten, baina gerora Bilboko epaitegi militarrak guardia zibil bat jo zuen hilketa horren erantzule. «Urteak daramatzagu bertsio ofizialen kutxa iluna irekitzeko beharra aldarrikatzen, eta Jaurlaritzaren zein Nafar Gobernuaren aitortza legeen bidez irekitako ikerketen arabera, aldarrikapen horretarako arrazoi sendoak genituela eta ditugula esan dezakegu», nabarmendu du Fundazioak.

«Dagoeneko 60 heriotz kasutan ofizialki frogatu den bezala,  bertsio ofizialak benetako krimenak ezkutatzeko eraiki ziren», adierazi du Egiari Zorrek, eta gaineratu du «laster» Hego Euskal Herrian «Poliziak, Ertzaintzak, Guardia Zibilak, eskuin muturrak, Triple Ak edo Batallón Vasco Españolek eragindako giza eskubideen urraketak» jasan zituzten emakume eta gizonen 450 aitortza ofizialen zifra gaindituko direla.

«Horregaitik Urzelairen heriotza justifikatzen duen bertsio frankistak ez luke inork aintzat hartu behar», gehitu du. «Zeintzuk dira bertsioa ofiziala sostengatzen duten elementuak? Bat ere ez dago. Heriotza eragin zioten berberen kontakizuna nahikoa izan da 50 urteetan zehar Memoria demokratikoaren legeak ilegala deklaratzen duen Erregimen militarraren bertsioa ofiziala bilakatzeko. Aintzat hartua izan dena egungo instituzio batzuen partetik, Bilboko udala kasu», salatu du.

Are larriagoa da Egiari Zorrentzat Urzelai egindako «delitu leporaketa arbitrarioa». Hain zuzen ere, fundazioak egun bereko goizean Areilza doktorearen kalean zauritutako guardia zibilaren hilketa. «1975eko martxoan, Bilboko epaitegi militarrak beste pertsona bat auzipetu zuen, guardia zibila hil zuten tiroen egile material gisa», gogoratu du.

Horregatik, «hain sensiblea den eremu batean gezurra baliatzea» batere etikoa ez dela salatu du, ez eta gertatutako guztiaren gainetik «errelato partzial bat inposatu nahi izatea».

Guardia Zibilaren alardea

Gainera, atzo Gasteizko kaleetan Guardia Zibilari egindako «gorazarrea» kritikatu du Egiari Zorrek, eta «herri honen milaka pertsonek jasandako bortxaren» apologia ekintzat jo du.

«Memoria eta Giza Eskubideen politiketan ziklo aldaketaz hitz egiten dutenak argi adierazi dute ez direla gai gainerakoentzat ezartzen duten exijentzia maila betetzeko; ez eta gure biktima izaerarengandik ondorioztatzen diren erantzukizun penal eta politikoei aurre egiteko ere», adierazi du. 

Hala, marrazten ari diren bizikidetza esparruak Estatuaren bortxa legitimatzea eta arduradun jakin batzuen inpunitatea indartzea helburu duen eskema baten alde egiten duela esan du, «eta hori guztiz arriskutsua da ez errepikatzearen ikuspegitik», gehitu du.

Hala ere, Euskal Herriko gizartea «askotarikoa» eta «anitza» dela nabarmendu du, eta azken urteotan, giza eskubideen defentsari eta errespetuari dagokienez bilakaera positiboa izan duela erakutsi duela aipatu.

«Bizikidetza modu demokratikoan eraikitzea da partekatzen dugun erronka, eta hori izan behar du horrelako gertaerak errepikatuko ez direla bermatzeko eta indarkeriaren eragina gehien jasan dutenen erresilientzia-prozesuak burutzen laguntzeko markoa», azpimarratu du fundazioak.

Baina horretarako «kudeatzaile berriek prepolitikoa diren konpromisoei heldu beharko liekete, hala nola Estatuaren bortxaren biktimak erasotzeari eta umiliatzeari uztea, aitortza ofizialik gabeko milaka herritarrei horretarako bidea ahalbidetzea eta memoria publiko politiketan jasaten dugun bazterketa eta diskriminazioa gehiago ez sustatzea», adierazi du.