Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin da astelehen honetan Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren 41. edizioaren sari banaketa. Amagoia Mujika Telleria GAUR8 astekariaren koordinatzaileak jaso du sari nagusia euskarazko lanen atalean. ‘Azazkalak’ izeneko ipuinak eman dio saria. «Gaiaren gordintasuna islatzen du, idazkera sinple baina zaindua erabiliz, sinbolismoz betetako eszena ederrak eraikiz. Kontakizuna sinesgarria da, nahiz eta neskato baten ikuspuntutik idaztea zaila izan», nabarmendu du epaimahaiak. Honez gain, «elipsien erabilera neurtua eta aparta, baita pertsonaia nagusien eboluzioa ere» goraipatu ditu, ipuin biribila dela ondorioztatuz.
Akzesitak Oskar Azkona Garciarentzat –‘Trail running’ kontaketagatik– eta Maitane Perez Argoterentzat –‘Lurrikarak’ lanagatik– izan dira.
‘Trail running’ lanari dagokionez, epaimahaiak adierazi du «erritmo izugarria duela, irakurlea pertsonaiaren ondora eramaten duela eta, aurrera egin ahala, narrazioak protagonistaren babesgabetasuna azaleratzen duela». ‘Lurrikarak’ lanaren kasuan, «inkomunikazioaren historia» dela adierazi du eta pertsona bakoitzak une bera modu guztiz desberdinean bizi duela azaltzen duela. Horretarako, «kontatu nahi duena ezin hobeto definitzen duen idazketa sinple baina eraginkorra erabiltzen du».
Gaztelaniazko modalitatean Cesar Anguianoren ‘Nuevo camino hacia el mar’ kontakizuna izan da saritua. Epaimahaiak azpimarratu duenez, ipuin honek «gatazka argia eta iraunkorra aurkezten du, konpondu arte, tokiko paisaia oso modu bisualean islatuz eta kritika sozial garratza azalduz, irakurlearengan tentsioa eta larritasuna sortzen duen aldi berean».
Akzesitak Alisa Lein argentinarrarentzat (‘Bahía de los ángeles’) eta Veronica Aviles Calderonentzat (‘Kintsugi’) izan dira. Epaimahaiak, lehenengoan, «plano narratibo desberdinekin jolasten duen emakumeen sakrifizioari buruzko joko polifonikoa» nabarmendu du. Bigarrenari dagokionez, epaimahaiak uste du «edukiarekin bat datorren erritmo lasaia, oso neurtua» duela. Era berean, «adierazpen-narrazioa da, ez azalpen narrazioa, bigarren mailako pertsonaien multzo on batek babestua».
Gabriel Aresti
Bere ibilbidea eta bizi historia Bilborekin lotuta egon den XX. mendeko euskarazko idazlerik garrantzitsuenetako bati egindako omenaldia izan da gaurko ekitaldia. Juan Mari Aburto alkatea izan da ekitaldiaren gidari, Gonzalo Olabarria Kultura zinegotziarekin, Udalbatzako ordezkariekin eta Gabriel Arestiren senideekin eta edizio honetako sarituekin batera.
Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren deialdiarekin, Udalak literatur sorkuntza sustatu nahi du, eta aldi berean, garaiko idazle euskaldun bikainenetako baten bizitza eta obra ezagutarazten lagundu, euskarazko poesiaren berritzaile nagusia baita.
Arestik Euskal Herriari egindako ekarpena azpimarratu du alkateak. «Poeta soziala, poeta herritarra, poeta iraultzailea. Hori guztia eta askoz gehiago izan zen goizegi utzi gintuen bilbotar ospetsu hau, herri honetan guztiok etorkizun hobea izan genezan lan egin zuena, bakearen eta euskararen alde eta askatasunez adierazteko».
Halaber, Juan Mari Aburtok esker oneko hitzak izan ditu epaimahaiarentzat eta aurtengo partehartzaile guztientzat, «euskarazko nahiz gaztelaniazko literatura hazten eta aberasten laguntzen dutelako. Bere lanek kultura ezberdinen arteko loturak lotzeko aukera ematen dute, eta aldi berean Gabriel Arestiri omenaldia egiten diote. Txikitatik euskara bere kabuz ikasi zuen eta diktadurak familia kendu zion gizon ausarta izan zen».
Udalak balantze positiboa egin du parte-hartze ona izan duen edizio berri honen inguruan. Izan ere, Euskal Herritik eta Estatu espainoletik 1.358 kontakizun jaso dira gaztelaniaz eta 60 euskaraz. Azpimarratzekoa da nazioarteko egileen 531 lan jaso direla, besteak beste, Argentinatik –198 ipuinek parte hartu dute–, Kolonbiatik, Estatu Batuetatik, Mexikotik edo Kubatik. «Horri esker, narrazio estiloak eta hizkuntzaren erabilera askotarikoak izan dira. Gainera, esanguratsua da urtetik urtera euskarazko ipuinen kopurua handitzen ari dela», nabarmendu dute Udaletik.
Euskarazko zein gaztelaniazko kontakizun onenentzako sariak 3.500 eurokoak izan dira, eta akzesitek 1.750 euro jaso dituzte.
Bilboko Udaletxean egin den omenaldiaz gain, Bidebarrieta Kulturguneak ‘Harriarekin elkarrizketan’ kontzertua hartuko du gaur arratsaldeko 19.00etan, ‘Harri eta herri’ argitaratu zenetik 60 urte bete diren honetan. Maite Larburu, Carlos Taroncher eta Karlos Arancegui dira musika emanaldi honetako protagonistak.