Aurtengo Lau eta Erdiko txapelketa gertutasuneko modara batu dela esan genezake, final laurdenetako ligaxkan parte hartu duten pilotarien jatorriari begiratuta bederen. Izan ere, aurtengo zortzi onenen artean erdiak Tolosaldeakoak dira: Altuna, Artola, Jaka eta Peña. Hauetariko hiru lehenek, gainera, multzo berean jokatuko dute, oso urrunekoa ere ez den Iraitz Zubizarreta ataundarrarekin batera.
Besterik da 0 kilometroko filosofiara batu direla esatea, Jakak eta Zubizarretak esaterako Sorian jokatu beharko dutelako euren arteko partida larunbatean eta are ulergaitzagoa dena, pilotari hauek denontzat horrenbesteko pisua izan duen Beotibarrek ez du, printzipioz, ligaxkako partida bakarra ere hartuko. Hirugarren jardunaldiko partida batek, momentuz, ez du egoitzarik finkatuta eta posible da Tolosara eramatea, baina, gerta daiteke ere partida horretan jokoan ezer askorik ez egotea.
Jokin Altuna amezketarrak eta Iñaki Artola alegiarrak, euren aldetik, Eibarren jokatu beharko dute euren ligaxkako lehen partida igande honetan. Gaurko material aukeraketan bailarako pilotarien arrakastaz galdetu diegu eta garai batean inguruko pilota eskoletan eurekin egindako lanean jarri nahi izan dute azpimarra. «Marka da, ez dakit zer esan, baina seinale da urte batzuetan hor lana ongi egin dela. Inguruan egon dira pilota eskola indartsu batzuk, Alegiko Intxurre, Bidaniko Aurrera Saiaz, Amezketako Zazpi Iturri... eta ahaztuko zaizkidan gehiago ere bai eta horrek bere fruitua eman du», aipatu du Iñaki Artolak.
Jokin Altuna ere poztu da datuarekin, «seinale ona» dela nabarmendu du, baina patuaren garrantziaz ere mintzatu da. «Kontua da, pilotaririk irteten ez direnean ez duela esan nahi ez dela lan onik egiten. Nik uste boladak izaten direla, zortea ere behar da, baina argi dago gure kasuan egindako lana oso ona izan dela».
Partidarik zailena
Igandeko lehiari begira,Iñaki Artolak onartu duenez, «aukeratzen jarrita, Altunaren aurka, lau eta erdian eta Eibarren, jar daitekeen partidarik zailena ematen du, baina berak ere egun okerrak izango ditu eta inor ez da garaiezina». Txintxarriak aitortu du lesioak hor jarraitzen duela eta arretarekin aritu beharko duela baina, era berean, Ezkurdiaren aurkako partida irabazteak sekulako konfiantza eman diola eta askotan burua gorputza baino garrantzitsuagoa izan daitekeela. Jokoz ikusten du bere burua eta gogoratu du nola iaz, Amezketan, Altuna izan zen azken unera arte, partida ez jokatzekotan egon zena sorbaldako minengatik, azkenean jokatu, irabazi eta azkenerako txapela nola eskuratu zuen. Aurten gauzak alderantziz izango direnaren esperantza erakutsi du.
Alde horretatik, amezketarra aurten sasoi betean heltzen omen da kaiolakora. «Lehen partidaren aurrean ez da erraza izaten nola zauden erantzutea, baina fisikoki behintzat inolako arazorik eta molestiarik gabe eta hori da garrantzitsuena».