Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Migratzaileei buruzko gezurren erdian, egia eta gizatasuna gorpuztera dator ‘Miñan’ antzezlana

Ibrahima Baldek ahoz kontatu zuen lehenbizi, Amets Arzallusek eskuz idatzi gero, eta Artedramak antzeztuko du orain, ostiral honetan Luhuson hasita. Hagitz gogorra izanagatik, baikorra den benetako istorio hau kontu eta mimo handiz helarazteko zodiak polit bat eraiki du 20-25 laguneko taldeak.

Artedramako taldea, ‘Miñan’ antzezlana aurkezten, astearte honetan Sarako leizean.
Artedramako taldea, ‘Miñan’ antzezlana aurkezten, astearte honetan Sarako leizean. (Guillaume FAUVEAU)

Artedramak antzerkira eraman du Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek idatzitako ‘Miñan’ liburua, eta jendetsua eta berezia izan da saratarren lehen etxean, leizean, egindako prentsaurrekoa, Ander Lipus zuzendari eta aktoreak adierazi bezala, herri honek baduelako mugaren sinbolismo hori. Hona hemen teaserra.

‘Etxekoak’ eta ‘Atzerrian lurra garratz’ obren ondotik, arte eszenikoen plataformak migratzaileen inguruan ondu duen hirugarren lana da. 2019an Susarekin plazaratu zen ginearraren bizitzaren kronikak biziki hunkitu zuen markinarra, baina artean ez zuen antzezlan bilakatzeko asmorik. Geroago ezagutu zuen Timberlake Wertenbaker, Saran laketutako dramagile ingelesa. ‘Little brother’ itzulpena egina zuen, eta Londonen antzezlan bat sortzekotan zirela kontatu zion. Pandemia zela eta bertan behera gelditu zen asmo hori, eta hor piztu zitzaion Lipusi Euskal Herrian saiatzeko gogoa.

«Zorionez gero eta koloretsuagoa da gure herria, beltz euskaldunak baditugu, baita aktore oso onak ere». Hala jarri zen harremanetan Sambou Diaby, Eihara Irazusta eta Mikel Kaye Zumaia, Gebara eta Ermuko aktore gazteekin. Wertenbakerri proposatu zion elkarlanean aritzea, eta ondoren Arzallusi. Baietzak jasota, 20-25 pertsonako taldea eraikitzeko bidea ireki zen, «jendeari migratzaileen tragedia hau iristea helburu».

Izan ere, «Mediterraneoa zeharkatzen dutenak deshumanizatzea ezinbestekoa da haien heriotzen, kanporatzeen, ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da eta, beraz, unibertsala. Eta kontatzeak hori azpimarratzen du».

Ibrahimaren zauria eta haria

Hendaiako idazleak baietza emateko izan zuen kezka partekatu du. «Eskua dardaraz idatzi nuen liburua, istorio bortitz bat delako. Zauri hori haragitzen duenaren pudorea urratu gabe idazten saiatzen zara, inoren oinazearekin akrobaziarik egin gabe. Antzerkian hitza ez ezik gorputza ere jartzen da eta kezka nuen nola erakutsiko zen Ibrahimaren zauri hori eta hari hori».

Berarentzat haria garrantzitsua da: «Haria da Ibrahimak nola kontatzen duen, nola askatzen duen eta nola josten duen. Haria da bere artea». Liburua leitzean dardara hori sentitzen du oraindik, eta antzerkia ikustean begietan sentituko duelakoan dago.

«Ibrahimarekin hitz egin nuen, berari esplikatu nion zer suposatu lezakeen antzerkia egiteak. Berak aurrera egin zuen, eta orduan nik ere bai».

Lipus ezagutzea eta harekin eta Artedramarekin konplizitatea izatea ere funtsezkoa izan zen, eta pozarren dago Arzallus, konfiantzarekin eta batez ere esker onarekin. «Eguraldia ere mugikorrean begiratzen dugun honetan, leiho txiki bat da ea kanpoan zein eguraldi egiten duen begiratu nahi duenarentzat».

Orain herrikide duen Wertenbaker ere eskertu du, euskarara egin duen bideagatik eta gure hizkuntzari eta kulturgintzari egiten dion ekarpenagatik.

Gogorra baina baikorra

Lipusek ez bezala, dramagile honek liburua irakurri eta berehala nahi izan zuen antzerki bat egitea. «Liburu bizi bat da, dena ikusi nuen», aitortu du. «Asko maite dut euskara, kultura, jendea, dena. Sakona da, bizitzaren misterioa ulertu ahal duzu. Ander eta Amets ezagutu nituen, eta sinpatia sentitu nuen. Liburua hunkigarria da, gogorra, baina baikorra. Ibrahimaren sentimenduak, pentsamenduak, arimak badu zerbait. Plazer handia izan da aktoreekin lan egitea ere, oso onak eta langileak dira».

Sentsazioekin lan, ateak irekiz

Philippe Ducou izan da zuzendari laguntzailea eta koreografoa, aktoreen gorputza marraztu duena eta dantza eta emozio hori guztia eraiki duena, nahiz eta euskararik ez ulertu. Frantsesez mintzatu da aurkezpenean, eta Lipusek ere ez dio ezer ulertu, irriz onartu duenez. «Baina argi dago itsasontzi berean goazela».

Ducouk esplikatu duenez, gertatzen dena begiratuz, sentsazioekin egin du lan. Liburua bezala, antzerkia ere bakarrizketa bat da, Balde adierazten da. Momentu aunitz ekintzazkoak dira, bortitzak; ez dira errealitate horiek antzezten. Senti ditzakegu, ordea, elkarrizketa baten moduan. Ateak irekitzea izan da asmoa, bere barne mugimendua ikusteko. Haurrek bezala ulertzea, bertzeei ateak irekitzeko desioarekin.

Estreinaldia, Luhuson

Manex Fuchs izan da aktore zuzendaria. Axut kolektiboko partaide lartzabaldarrak obra ostegun honetan ikasleen aitzinean estreinatuko dutela kontatu du. Antzokian, berriz, ostiralean, Luhuson. «Halako ikusmina sortu duen istorio bat, Artedramak antzerkira ekarria, eraikitzeko erraza izan daitekeela pentsa dezake norbaitek, baina ez da hala. Gure itsasontzia aski artisautzaz egina da, elkar laguntzaz ere bai. Elkargoak proposatu digu gure ideien ezartzea, eta Harituz egitasmoa jarri dugu plantan, saretzea helburu. Horren baitan emanen dugu ‘Miñan’».

Aktoreek hartu dute hitza azkenik. Paper ugari antzezten dituzte. Kaye, besteak beste, Alassane da, Miñan. Erran duenez, plazera izaten ari da berarentzat talde honetan parte hartzea, eta leiho txiki honetan bandera bat jarri nahi izan du, omenaldia eginez ezagunen eta ezezagunen istorio hauei.

Aldarrikatu duenez, «oso une egokian heltzen den antzezlan bat da: migratzaileen inguruan zabaldutako hamaika gezur eta deshumanizazioen erdian, oholtzan gorpuztuko dugulako egia eta gizatasun pixka bat».

Irazusta ere gozatzen ari da duela urtebete pasatxo hasi zuten sorkuntza prozesu honetan. «Ohore bat eta oso esperientzia polita izaten ari da» bertzeak bertze ama eta Ismail txikia antzezten dituen aktore hasiberri honetantzat. «Gure helburua da obra honekin ikusgarri egitea egunero gertatzen diren kasu gogor hauek, eta jendearengana iristea», adierazi du.

Diabyk egiten du Ibrahimaren papera eta «gogo handia» du erakusteko eta obrarekin bidaia abiatzeko.

Eskertza

Lipusek aipatu duenez, Balde Madrilen bizi da orain eta ezin izan da aurkezpenera etorri lanean ari delako baina Bilboko Arriagako emanaldian izanen da. «Eskerrak eman nahi dizkiot irekitzeagatik eta bere espiritualtasunagatik. Argi asko duen pertsona bat da. Ez dakigu antzezlana ikusten ahalko duen, baina gurekin egongo da».

Arzallus ere eskertu du bere inplikazioagatik eta Ibrahimaren munduan sartzen laguntzeagatik. «Haien laguntzarik gabe galduta ibiliko ginen. Ez dugu ahaztu behar benetako istorio bat dela eta tentuz eta mimoz kontatu behar dela». Hori zan da zuzendariarentzat ederrena, «bakoitzak beretik emanez zodiak polit bat eraikitzea. Umiltasun osoz, bihotzetik egin dugu, eta txikia izan arren, handia da».

Gorka Urbizu

Gehiago ere bada. Lipusek kontatu duenez, Gorka Urbizuk abesti bat aterako du laster Miñanen inguruan eta antzezlanaren teaserrean aurkeztu dute haren zatitxo bat. «Gorka ere etorri izan da entseguetara eta esperientziak partekatu ditugu. Ikaragarri ederra da Ibrahimak ahoz, Ametsek idatziz, guk antzeztuz eta berak musikaz kontatzea. Arteak badu zer esan, euskaraz eta euskaratik badugu zer kontatu».

Erronka handia izan da, baina pozik daude hartutako erabakiekin eta bidearekin. Beti izaten du helburu Artedramak eskoletan ere obrak ematea, aberatsa baita gazteei leiho hori irekitzea. Hala, hainbat emanaldi eginen dituzte ikastetxeetan.

Horietaz gain, hamaika hitzordu dituzte lotuta, ostiral honetan Luhusoko Harri Xurin hasi eta abenduaren 28an Antzuolako Aretoan amaitu arte. Ala Saran eginen dute azkena, aurkezpenean proposatu bezala?