Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ikus-entzunezko maratoia egingo du Gure Eskuk azaroaren 16an, «herri bat bagarela» erakusteko

‘Bagara’ ikus-entzuntzeko maratoia antolatu du Gure Eskuk azaroaren 16an, hain zuzen ere, «herri bat bagarela» erakusteko asmoz. Gure Eskuko kanalean zein Hamaika Telebistan emitituko dute maratoia 12 orduz eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan zuzeneko ekitaldiak egingo dituzte.

Bilbon aurkeztu du Gure Eskuk bideo maratoia.
Bilbon aurkeztu du Gure Eskuk bideo maratoia. (Mikel MTZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Ikus-entzunezko maratoia antolatu du Gure Eskuk, «herri bat bagarela» erakusteko. Azaroaren 16an 12 orduz jarraian herri gisa garena agerian uztea xede duten bideoak emitituko dituzte Hamaika Telebistan. ‘Bagara’ ekimena presentziala ere izango da, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean ekitaldiak antolatu baitituzte.

Bilbon egin duten aurkezpenean azaldu dute Gure Esku aipatze hutsarekin denon burura kateak etortzen direla, «pertsonaz, eskuz osatutako kate erraldoiak». Giza kateen bidez Euskal Herria lotu eta elkartu zuten duela hamar urte eta oraingoan bideoz osatutako katea egiteko asmoa daukate: «Bideoz osatutako kate erraldoi baten bidez herri, eragile, pertsona, proiektu eta beste hainbat talderen errealitateak erakutsiko ditugu».

Herri gisa ditugun berezitasunak biltzen dituzten bideoak batzen ari dira, «besteak beste, kultura, hizkuntza, burujabetza edota Euskal Herriarekiko loturaz edo herriari egiten dion ekarpenaz hitz egingo duten bideoak». Euskal jendarteari parte hartzeko gonbita luzatu diete, bideomaratoia@gureeskudago.eus helbidera ikus-entzunezkoak bidalita. Zehaztu dute horizontalean grabatutakoak izan behar dutela, irudia eta audioa zainduta izatea eskatu dute eta bideoak txukun editatuta egotea, ahal den neurrian.

Bagara Lagun izateko aukera ere badagoela azaldu dute, eta proiektuarekin bat egin nahi dutenak Gure Eskurekin harremanetan jartzera animatu dituzte. Halaber, egunean bertan antolatu dituzten ekitaldietara gerturatzeko deia egin dute.

Egitarau zabalak

Online ez ezik presentziala ere izango da ekimena. Izan ere, ekitaldiak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. 10.00etan abiatuko dute emisioa Hamaika Telebistan eta 12.00etan Bilboko Alondegira egingo dute salto, bertan ‘Herri Adierazpen’ bat egiteko. Ostean, Gasteizera mugituko da maratoia, 13.30ean Auzolana frontoian Agustina Otaola raketistari buruzko ‘Gu Agustina’ dantza emanaldia eskainiko baitu Ereintza dantza taldeak, Jon Mayaren koreografiekin eta Maddalen Arzallusen bertsoekin ondua.

Arratsaldean Iruñean jarraituko du ekimenak, 18.00etatik 19.30era bitartean Historia Oroituz Segurako Antzerki Elkartearen ‘Orregatik Iragan Hurbilera’ antzerkia eskainiko baitute bertan. Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean amaituko da maratoia, 21.00etatik 22.00etara izango den Iratzar erromeriarekin.