Txapelketako lehen partida beti izaten da deserosoa edonorentzat, zer esan elkarren arteko azken bi partidak irabazi dizkizun aurkaria 4-0 wta 5-1 aurreratzen zaizunean, baina Peio Etxeberriak Aitor Elordiren hasierako erauntsia baretu eta txapelerako bere hautagaitza aurkeztu du Azkoitian. Kontzentrazioa inolako momentutan galdu gabe, Zenotzekoak partida borobila jokatu du eta nagusitasunez irabazi dio indarren zetorren mallabitarrari.
Bakoitza berean oso ondo, partida hasiera bikaina osatu dute Elordik eta Peio Etxeberriak Gurea pilotalekuan. Epailearen txapa lagun, mallabitarra astelehenean Tolosan egindako lan bikainari jarraipena eman dio Azkoitian. Beotibarreko armak erabili ditu horretarako. Behetik eta bost eta erdi horretan ezker paretara hiltzera jota, sake zitalak atera ditu bizkaitarrak eta sake eta sake-errematean asko asmatuta, 4-0 aurreratzea lortu du. Ausart ekin dio partidari Elordik, pilota ondo mugitu eta tantoa ahalik eta azkarren amaitzeko asmoz.
Kontua da, parean Zabala baina errekurtso askoz gehiagoko Peio Etxeberria batekin egin duela topo. Hasteko, errestoan beste sendotasun bat erakutsi du eta gero, gainera, taktikoki ere, aurkariari mina non egin berehala topatu du. Ezkerrez botera jokatu arazi du Elordi ultzamarrak eta hor ez da batere eroso aritu bizkaitarra.
Aurkariak sakez egindako falta batekin lortu du Etxeberriak bere pilota jokoan jartzea eta azkar lortu du, partida berdintzeaz harago, jokoaren ekimenaz jabetzea. Ederki egin ditu gauzak Zenotzekoak nahiz eta pare bat aldiz ere irristatu den kantxan. Boleaz ondo jeitsi du pilota Elordi gantxoz sar ez zedin eta oso deseroso sentiarazi du mallabitarra. Zorte handirik ere ez du izan bizkaitarrak, epaileek ontzat eman baitute bere aurkariak marraren gainean botarazi duen sakea, baina, orotara askoz hobea izan da Peio Etxeberria.
Geldialdia edari baten erruz
Partida oso bideratua zuela, jokoa minutu luzez eten da, kontrakantxara pilota baten bila joaterakoan Aitor Elordi jendartera joan eta gazte batzuk eskuetan zuten edaria lurrera bota ostean. Tanto horretan bertan irris egin du mallabitarrak kantxara itzuli denean eta gero kosta egin zaie antolatzaileei kontrakantxa hori lehortzen.
Zorionez, etenaldiak ez du partidaren norabidea aldatu eta Peio Etxeberriak berean jarraitu du, gauzak egoki eginda lehen garaipena eskuratzeraino.
FITXA TEKNIKOA:
Elordi: 10
Peio Etxeberria: 22
Pilotakadak: 205. Iraupena: 51,09 minutu. Markagailua: 4-0, 4-1, 5-1, 5-8, 8-13, 9-13, 9-14, 10-14, 10-22. Sakeak: 3 (2 falta) Elordik eta 4 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 5 Elordik eta 10 Peio Etxeberriak. Galdutakoak: 5 Elordik eta 3 Peio Etxeberriak. Lau eta erdiko marraz atzera: 1 Elordik. Gorabeherak: Sarrera hiru laurden Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Garikoitz Txakartegi aritu da bere iloba Aitor Elordiren botilero lanetan eta Andoni Gaskue egon da Peio Etxeberriarekin. Lehen sakea gorri.