NAIZ

Jon Urzelai, Julia Otxoa eta Aiora Jaka, Euskadi Literatura sari berriak

‘Su festak’, ‘Independentziaren eguzkiak’ eta ‘Bajo los astros de la repetición’ lanak saritu dituzte Saiakera Euskaraz, Euskarazko Literatur Itzulpena eta Gaztelaniazko Literatura ataletan. Saiakera Gaztelaniaz atalean ez da saririk eman «bikaintasun irizpideak» ez betetzean.

Irabazleak, Kultura sailburua eta sailburuordearen artean.
Irabazleak, Kultura sailburua eta sailburuordearen artean. (FOKU)

Donostiako San Telmo museoan eman dira ezagutzera ostiralean Euskadi Literatura sarietako aurtengo azken hiru irabazleen izenak. Jon Urzelairen ‘Su festak’ saiakerak, hau da, XXI. mendeko musika festibalen inguruan egin duen gogoeta; Aiora Jakak euskarara ekarri duen Ahmadou Kourumaren ‘Independentziaren eguzkiak’ liburua, eta ‘Bajo los astros de la repetición’, Julia Otxoak idatzitako poema liburuak, irabazi dituzte, hurrenez hurren, aurtengo Saiakera Euskaraz, Euskarazko Literatur Itzulpena eta Gaztelaniazko Literatura Euskadi sariak.

Jon Urzelairen ‘Su festak’  lanaren inguruan epaimahaiak «lan bikaintzat» hartu du, «bai forma, bai edukiaren aldetik ere». Balorazioaren arabera, «azken hamarkadetako gizarte aldaketen eta gizarte bilakaeren diagnostiko argia eta burutsua egiteko. Musika kantaldi motak aro sozialekin, gizarte eredu desberdinekin eta hainbat prozesu sozialekin lotu ditu modu arrazoituan», eta epaimahaiaren usten, «musika jaialdien inguruko azterketa soziologikoa beste eremu batzuetara hedatu du».

Itzulpena modalitateko epaimahaiaren ustetan, «Aiora Jakak oso itzulpen lan ona egin du Ahmadou Kouroumaren istorio honekin». Liburuari dagokionez «erritmo narratibo bizia duen liburua da, ahozkotasunetik hurbil dagoena, eta itzulpen-erabaki ausart bezain zuhurrak hartuta egiantz osoz euskal irakurlea mendebaldeko Afrikara eramaten duena».

Gaztelaniazko Literatura Sariaren epaimahaiaren ustez, Julia Otxoaren ‘Bajo los astros de la repetición’ poema-liburuarekin, hainbat hamarkadatako bidea mamitu du. Obra hau bi atal handitan banatuta dago: ‘El limón y la espada’, ezinbestean Rafael Albertiren ‘Entre el clavel y la espada-ra’ garamatzana. «Lehen zatian, ahots konprometituz, krudelkerian eta suntsipenean zentzurik ez duten munduaren eta historiaren aurkako salaketa globaleko poemak gailentzen dira; aldiz, liburuaren bigarren zatian, poemek, askoz laburrago eta sententziazkoagoak eta zenbaitetan aforismotik hurbilagoak, oraindik ere hondamenean dagoen mundu honetan bizirik dirauen edertasun hori uzten dute agerian».

Saiakera Gaztelaniaz modalitatean epaimahaiak saririk ez ematea erabaki du, ostiral honetan aipatu duenez, aurkeztutako «batek ere ez dituelako betetzen eska daitezkeen bikaintasun-irizpide guztiak».

Hiru sari hauek joan den astean Bilbon iragarri ziren beste hiru Euskadi sariekin batuko dira: Jon Gerediaga ‘Zeru lurren liburua’ poema liburuagatik, Euskarazko Literatura modalitatean; Harkaitz Canano Haur eta Gazte Literaturaren ‘Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez’ album ilustratuagatik eta David de las Heras Literatur Lanaren Ilustrazioa modalitatean ‘Campos de Castilla’ lanagatik.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du eta beste 4.000 euro bere lana beste hizkuntza btean argitaratzeko bada.

Sarien banaketa azaroaren 21an Gasteizko Artium museoan egingo da.