Jon Ormazabal
Interview
Iñaki Osa Goikoetxea
Eraman Jai Alaiko kirol zuzendaria

«Badaude ideiak, ea laster liga nazioartekotzen hasten garen»

Zumaiarrak bere lehen urtea egingo du laster Eraman Jai Alai-ko kirol zuzendari. Durangon jokatuko den Jai Alai Leaguaren finala aitzakiatzat hartuta, Barandika-Lopez eta Johan-Gorkak jokatuko duten partidaz harago, horren denboraldi luzeaz eta hurrengo urteetarako asmoen inguruan aritu gara.

Iñaki Osa Goikoetxea.
Iñaki Osa Goikoetxea. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Zesta-puntaren iragan hurbilean mugarria izan daitekeen denboraldi bati amaiera emango dio gaur Durangoko Ezkurdin jokatuko den Jai Alai Leagueko finalak. Duela ez hainbeste ezinezkoa zirudien zerbait lortu du kirol honek azken 12 hilabeteetan, urte osoa partidez beteko zuen egutegi bat osatzea, elkarlanean Bidasoz hegoaldera eta iparraldera jokatzen diren txapelketak batuz.

Arratsaldeko 19.00etan hasiko den finalean ez da azken hilabeteetako izar nagusia izan den Aritz Erkiaga arituko, aurreratutako final bat zirudien finalerdian Barandika-Lopezen aurka galdu baitzuten Ispasterkoak eta denboraldiko atzelaririk onena izan den Basquek. Gernikarrak eta zumaiarrak Sorozabal anai lapurtarren aurka jokatuko dute denboraldiko azken titulua. Katedrarentzat bizkaitarra eta gipuzkoarra dira faboritoak.

Belaunaldi arteko talka moduko bat izango da kantxan urtetan agindu duten beterano eta 22 eta 23 urte dituzten gazteen artekoa. Duela urte batzuk, Imanol Lopezek ziurrenera nahiago zukeen pilotaleku luzeago batean aritzea, baina gaur egun, Durangoko Ezkurdi primeran egokitzen da bere dohainetara. Barandikara ere jokoz dago, lesio luzea gainditu ondoren.

Baina Johanek eta Gorkak ere erakutsi dute oso kontuan hartzeko bikotea direla. Presiorik gabe arituko dira, eta horrek oso arriskutsu egiten ditu bi anaiak.

Final Fourreko finala ezustekotzat hartu beharko dugu, denboraldia nola joan den ikusita, Artiz Erkiaga hor ez egotea...

Bai dela sorpresa Aritz Erkiaga hor ez ikustea. Baina, era beran, aurkariak ere ez dira edonolakoak. Barandika eta Lopez bikote oso sendoa da. Imanolek ­–Lopezek– badakigu zenbat jokatzen duen. Imanol bezalako atzelari bati, gainera, Xabi bezalako aurrelari bat aurrean izateak ziurtasun handia ematen dio. Bikote oso sendoa osatzen dute, dudarik gabe.

«Sorpresa da Aritz Erkiaga finalean ez ikustea. Baina, era beran, aurkariak ere ez dira edonolakoak. Barandika eta Lopez bikote oso sendoa da»

Kontua da, harritzekoena, agian, Erkiaga-Basquerekin finalerdietan aurrez aurre aritu beharra. Barandika-Lopez laugarren sailkatzea izan daiteke arraroena, ala?

Bueno, azkenean sistema halakoa da. Urte guztian txapelketa desberdin asko egon dira eta puntuazio bat lortzen joan dira. Eta horren arabera egiten da. Kontua da Imanolek txapelketa horietako batzuk galdu zituela Ameriketako Estatu Batuetan egon zelako. Eta Xabi, lesio batekin, beranduago hasi zen. Gero, txapelketa batzuetan agian ez dituzte esperotako emaitzak lortu eta biak justu-justu laugarren postuan sailkatu dira. Baina bikote handia dira

Alde horretatik, Sorozabal anaiak erregularragoak izan dira eta bigarren aurrelari eta atzelari onenak izan dira.

Nik gehienbat Johan goraipatuko nuke. Denboraldi polita egin du, oso ona. Gorkak, bere aldetik, ez zuen hasiera oso ona eduki txapelketetan, baina azkenengoetan bai eman du maila oso ona. Baina bigarren geratzeko, dudarik gabe, zerbait badute. Iparraldeko txapelketetan emaitza onak atera ditu Gorkak, baina egia da Hegoaldean ez dituela beharbada bere partidarik onenak jokatu.

Nondik uste duzu joan daitekeela asteleheneko finala?

Xabi eta Imanol faborito moduan ikusten ditut, biek finalerdietan nola jokatu zuten ikusita. Oso ondo ulertzen dute elkar kantxan, oso ondo dakite bakoitzaren lana zein den kantxa barruan. Imanolek oso ondo zuzentzen du bikotea, gainera, partidak garrantzizkoak direnean. Beste guztiak ere bai, baina halako partidak detaileetan erabakitzen direnak, finalak... Imanolek esperientzia handia dauka, eta nik uste, horrek asko lagunduko diola. Bikote sendo bat egiten dute, baina ahaztu gabe Sorozabal anaiak gazteak direla. Hauek ez dute ezer galtzeko. Iruditzen zait oso lotsagabe etorriko direla frontoira eta, egun ona badute, arrisku puntu bat izango dute. Baina nik  Imanol eta Xabi ikusten ditut faboritoago.

Durangoko frontoia berezi samarra da. Horrek agian kontuak pixka bat berdinduko ditu?

Uste dut kirolari bakoitzari frontoi bat edo beste bat hobeto datorkiola. Esango nuke Imanolek frontoi handietan oso maila handia ematen duela. Baina Durangok dituen ezaugarriekin, frontoi txikiagoa da, gutxiago mugitu behar da eta pauso oso gutxitan pilotara jarrita dago. Orduan nik uste dut frontoi ederra dela Imanolentzat. Badaki nola jokatu pilota batekin edo bestearekin. Horregatik iruditzen zait ez duela arazorik  izango.

Final honekin amaiera emango zaio denboraldiari. Zer balantze egiten duzue oso garrantzitsua izan den urte honi buruz, urte osoko denboraldia izan den urteaz?

Zalantzarik gabe, oso positiboa. Jakinda, gainera, aurten 100 partidatik gorako denboraldia izan dela, 12-13 egoitzatan jokatu direla txapelketa desberdinak, Iparraldean eta Hegoaldean, pilotariek urte osoan zehar izan dutela aktibitatea... Uste dut pozik egotekoa dela aurten izan dugun urtea.

«Nik Xabi eta Imanol faborito modura ikusten ditut. Oso ondo ulertzen dute elkar kantxan, oso ondo dakite bakoitzaren lana zein den. Imanolek oso ondo zuzentzen du bikotea, eta, gainera, partidak garrantzizkoak direnean, esperientzia handia dauka»

Aspaldiko nahia edo ametsa horixe zen, urte osoa hartuko zuen egutegi bat izatea.

Hori da. Denbora bat generaman denboraldi motzagoak jokatzen, eta orain, urte osoko denboraldi bat izanda, pilotarientzat askoz hobea da, aktibitate hori baitute eta engantxatuagoak baitaude, etenik gabe, urte guztian zehar.

Printzipioz, datorren urteetan halaxe jarraitzeko asmoz izango zaretela pentsatzen dut.

Bai, bai, uste dut 2025ekoa berdina edo oso antzekoa izango dela. Beharbada zerbait berria ere egongo da, baina iruditzen zait antzera samar joango dela.

Epe motz edo ertainean, Euskal Herritik kanpo jokatzeko aukera baloratu duzue? Posible izango da?

Bai, ideiak badaude, ea kanpora irteteko aukera badaukagun eta zesta munduko beste lekuetara eramateko aukerarik dugun. Baina pausoz pauso. Ea aurten kanpora joateko aukera sortzen den eta denboraldia pixka bat nazioartekotzen hasten garen.

Lehendabizi, orduan, orain sortu den hau sendotu eta gero gerokoak?

Hori da. Ezin dena da urte batetik bestera zerotik ehunera joatea, baizik eta poliki-poliki urratsak egiten jarraitu.

Azkena hitz egin genuenean, gazteei lekua egiten joatearen erronka ere ipintzen zenion zure buruari kirol zuzendari lanetan hastean. Nola joan da asmo hori?

Bueno, uste dut egon direla gazte batzuk kinielatan sartu direnak. Aurten ikusi da mutrikuarrak, esaterako, Manci eta Urresti sartu direla. Iruditzen zait poliki-poliki eurek ere hasi behar dutela erantzukizuna hartzen. Eta ea, hurrengo denboraldiari begira, gazte gehiago sartzeko aukera daukagun.

Denboraldi bat amaitzerako, bestea hasten da. Gernika ate joka daukagu.

Jendea gogo handiz dago Winter Series hasi dadin. Hamasei jardunaldi izango dira. Jendea oso pozik dago datorrenarekin, eta ematen du asko disfrutatzen duela astelehenetako ikuskizunekin.