Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota

Altuna: «Ikusle bezala, partidei begira, nik ere gehiago gozatzen nuen luzeagoak zirenean»

Erik Jakarentzat kaiolako jokoa «kaotikoagoa» bihurtu da, jokoak aurkariak emandako aukera bakoitzean erasora pasa behar izatera garatu duenetik.

Erik Jaka eta Jokin Altunak arazorik gabe aukeratu dituzte iganderako pilotak.
Erik Jaka eta Jokin Altunak arazorik gabe aukeratu dituzte iganderako pilotak. (ASPEPELOTA)

Aurtengo Lau eta Erdiko txapelketa ez da, momentuz, zaleak asetzera heldu den partida bat emateko gai izan eta pilotariak ez dira errealitate horretaz aparte bizi. Sake eta sake-erremateak garrantzi handiegia hartu ez ote duenaren sentsazioa handia da pilotazale askoren ahotan eta gehigizko abiadura horrek partidei erakargarritasuna kendu dienaren ustea oso zabaldua dago. Igandean Ogetan arituko diren Jokin Altunak eta Erik Jakak ez diote muzin egin sortu den eztabaidari.

Emaitzak alde dituen arren, egungo txapeldun eta espezialistarik onena den amezketarrak urteak daramatza kaiolan gehiegizko materialarekin jokatzen dela aldarrikatzen eta ez du ezkutatu jokoa hartzen ari den joera hau ez zaiola gustatzen. «Ikusle bezala  ni neroni ere telebistan ikusten egoten nintzenean partidei begira, gehiago gozatzen zuen luzeagoak zirenean, ni jokatzen  hasi nintzenean, garaiko izarren aurkako partidak askoz piloteatuagoak ziren, askoz gogorragoak». Gogoan ditu Aimar Olaizola, Urrutikoetxea eta enparauen arteko norgehiagoka haiek, baina gaur egun «azkenean materialak eramaten zaitu horretara  eta zuk ez baduzu aurrera egiten, sentsazioa ematen du huts egiten ari zarela, besteak ekimena hartzen dizula. Baina azkenean hauxe dago, oldarkor jokatzen ez duenak jai dauka».

Erik Jakak ere antzeko ustea du. «Gaur egungo materiala izan daiteke lehengoa baino biziagoa, lehengoak lasaiagoak izatea, nik uste  materiala indartsuagoa dela gaur egun, pilota  azkarrago datorkizu, jokoa kaotikoagoa dela esango nuke. Jokoak garapen bat izan du eta orain aurkariaren edozein deskuidu errematera pasatzeko erabiltzen dugunetik, ba horrek ere dena azkarragoa izatea ekarri du», azaldu du.

«Faboritoa ez hain faborito»

Partiden iraupena murriztu bada ere, Altunaren iritziz, «oraingo joko molde hau zailagoa da. Gaur egun iruditzen zait faborito dena ez dela hain faborito. Buruz burukoetan eta lau eta erdikoan bereziki, pilota hauekin, sakea tokatzen zaiona, bere esku dauden gauzak ondo egiten baditu, restatzailea askotan salduta dago. Restatzen ari denaren beldur hori argi ikusten da, pilotariok garbi ikusten dugu eta oso exijentea da».

Erik Jakak are denbora gehiago darama kaiolan profesional gisa jokatzen eta bat dator bere lagunak esandakoarekin eta, jokatzen den erritmoan, egungo partiden exijentia duela urte batzuetakoa baino altuagoa dela uste du. «Ez dakit orain takada gehiago ote dauden, bakarkako lehiak, bai lau eta erdian eta bai kantxa osoan normalean beti izan dira  hala erabaki izan diren norgehiagokak. Akaso egia da aurten aurrekoetan baina takada luzeagoak, edo sakeari etekin handiagoa ateratzen ari garela akaso, baina hori partidatik partidara  alda daitezkeen dinamikak direla iruditzen zait. Egia da aurreko partidak ikusita eta jokoa aztertuz gero, sakea duenak, min handia  egitea duela eta restatzen ari denak, normalki, sufritu egin behar  izaten duela, baina dinamikak izaten dira, aurtengo txapelketa hortik doala ematen du, baina oso posible da hurrengo partidak berdinduagoak izateak ez ninduke harrituko».