NAIZ

EiTB Nafarroan emititzen jarraitzeko hitzarmena berretsi dute Lakuako eta Nafarroako gobernuek

EiTB Nafarroan emititzeko hitzarmena berretsi dute Lakuako eta Nafarroako Gobernuek. 2016an sinatu zuten lehena eta aurtengoak «irismena sustatzea» du xede.

EiTBri buruzko hitzarmena berretsi dute gaur Felix Tabernak eta Ibone Bengoetxeak.
EiTBri buruzko hitzarmena berretsi dute gaur Felix Tabernak eta Ibone Bengoetxeak. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Nafarroako eta Lakuako Gobernuek 2016tik mantendu duten lankidetza hitzarmena berretsi dute, EiTB Nafarroan emititu dadin. Felix Taberna Nafarroako lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko sailburuak eta Ibone Bengoetxea Lakuako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak sinatu dute akordioa. Hitzarmenak honako konpromisoa jaso du: «EITBren ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu publikoaren hedapenaren irismena sustatzea Nafarroan, bai eta hurbileko edukiak eta gaurkotasun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaleko edukiak ere Nafarroako herritarrentzat». Akordioa bi urtez egongo da indarrean.

Horrela, Nafarroako Gobernuak EiTBko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak lurralde historiko osoan eskaini daitezen lan egingo du, bere irudiak, ordutegiak, markak eta ikurrak errespetatuz.

Halaber, EiTBk programazioaren parte bat tokiko edukiak emititzeko gordeko du Nafarroan. Eduki horiek barne hartuko dituzte Nafarroan egon badauden sentsibilitate politiko eta ideologiko desberdinak, «askotariko iritzi publikoa eraikitzeko».

Bestalde, Lakuako Gobernuak konpromisoa hartu du EiTBren bidez Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreko enpresekin lankidetza sustatzeko eta bultzatzeko. Hitzarmenak, gainera, elkarrekikotasun printzipioa jasotzen du, akordioaren indarraldian Nafarroak ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu publiko bat izango balu, bete beharko lukeena.

Garapenerako eta jarraipenerako batzorde paritario batek hitzarmena behar bezala betetzen dela zainduko du. Horretarako, ohiko bilera bat egingo du urtean behin, eta aparteko bilerak egingo ditu beharrezkotzat joz gero.

«Kidetasun historiko, kultural, linguistiko, turistiko eta soziokulturalaren arabera ezarritako harremana» da hitzarmenak jasotzen duena. 2016an sinatu zuten lehenengoz, EiTB Nafarroan emititu zedin bermatzeko.

Nafarroan EITBren emisioa bermatzeko sinatu zen lehen hitzarmenak, 2016an sinatuak, erantzuna eman zien Foru Parlamentuan behin eta berriz erregistratutako eskaerei eta udal ugarik Foru Gobernuari ETBren kaptazioa errazteko egindako eskaerei.