NAIZ

Legebiltzarrak entzute prozesua babestu du Urdaibain, baina erabakimen eskubidea bermatu gabe

Guggenheim Urdaibairi buruzko EH Bilduren proposamen bat atzera bota ondoren, EAJk eta PSEk zuzenketa propioa onartu dute entzuteko eta eztabaidatzeko prozesu bat garatzeko. EH Bilduk gogor kritikatu du herritarren erabakimen eskubidea ez aipatzea: «Ezin du amaiera aldez aurretik idatzia izan».

Larunbatean Guggenheim Urdaibai proiektuaren kontra Gernikan egindako manifestazioaren irudia.
Larunbatean Guggenheim Urdaibai proiektuaren kontra Gernikan egindako manifestazioaren irudia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Larunbatean Gernikan izandako mobilizazio jendetsua eta gero, ostegun honetan Guggenheim Urdaibai proiektua berriro izan dute hizpide Gasteizko Parlamentuan, EH Bilduk aurkeztutako mozio baten harira.

Indar subiranistaren testuan, Lakuako Gobernuari eskatzen zitzaion ezagutzera eman ditzala Busturialdean eraiki nahi den Guggenheim museoaren asmoak. Era berean, herritar, eragile eta instituzio ezberdinekin batera prozesu bat abiarazteko eskatzen zen, «herritarren hitza eta erabakimena bermatuz».

Baina proposamena atzera bota dute, EAJ, PSE eta PPren kontrako botoekin. Aldiz, Gobernua osatzen duten alderdiak (EAJ-PSE) Parlamentuan duten gehiengoaz baliatu dira beste testu bat onartzeko.

«Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, inplikatutako gainerako erakundeekin batera, irizpide demokratikoetan oinarrituta, entzuteko, parte hartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bat gara dezala, elkarrizketa lasaia eta plurala erraztuko duena, beharrezkoa baita Busturialdea-Urdaibai eskualdea bultzatzeko jarduketa plana egin eta abian jartzeko. Lehentasunezko jarduera eremutzat jotzen da Urdaibai, eta, horren testuinguruan, Guggenheim museoaren proiektuaren bideragarritasunari heldu behar zaio», dio EAJk eta PSEk onartutako testuak.

EH Bilduk gogor kritikatu du zuzenketa horretan herritarren erabakimen eskubidea ez aipatzea. Izan ere, Guggenheim Urdaibai egiteko erabakia aldez aurretik hartuta egotearen arriskuaz ohartarazi du Oihana Etxebarrietalegebiltzarkideak: «Prozesu honek bide bat egin behar du eta ezin du amaiera aldez aurretik idatzia izan; hau ez dugu egingo Guggenheim bat legitimatzeko».

Era berean, larunbatean Gernikan egindako manifestazioa gogora ekarri du. «Busturialdeko herritarrek haien hitza errespetatzea eskatu dute eta hemen mahai gainean jarri dugun proposamena hori bideratzeko saiakera da, herritarren hitzaz gain, erabakimena ere errespetatuko duen mekanismo bat ezarri behar baita», aldarrikatu du.

Halaber, gardentasuna eskatu du Etxebarrietak, «Jaurlaritzak eta inplikatutako gainerako instituzioek informazioa eman dezatela, herritarrei irekitako foroetan, non haien galderak erantzuteko aukera egongo den. Gardentasun ariketa bat eskatzen dugu, azalpen argiak, zein urrats egin diren orain arte, zein erabaki hartu diren, zein analisi dagoen proiektuaren atzean, zein txosten edo informek sostengatzen duen proiektu honen jarraikortasuna».

Irune Zuloaga EAJko parlamentariak defendatu du Guggenheim Udaibai «ideia ona» dela. «Ahalmen asko dituen trakzio elementu bat da», nabarmendu du. Era berean, Kulturako sailburuak urriaren 11ko kontrolerako osoko bilkuran aurreratu zuen bezala, entzuteko, hitz egiteko eta kontrastatzeko fase bat irekiko dela baieztatu du.