Hamarnaka auzokideen babesarekin, Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak agerraldia egin du ostegun honetan, Korrikaren harira kalean egindako ekimen batengatik 1.500 euroko isuna jaso duela salatzeko.
Azaldu dutenez, joan den martxoaren 20an, Bilboko Alde Zaharreko zenbait eragile batu ziren 23. Korrika zela eta. Alde Zaharreko Korrika Batzordea osatuta, jarduera ireki bat proposatu zuten auzoa apaintzeko helburuaz: «Hainbat auzokide bildu ginen pankartak egin eta kaleak banderinez janzteko. ‘Harro Herri’ lelopean Santiago Plazan arratsaldeko 18:00etatik aurrera gauzatu genuen ekimen txiki hori, errespetuz, bozgorailu xume batetik musika euskalduna entzuten».
Hilabete batzuk geroago, abuztua aldera, Bilboko Udaleko jakinarazpena jaso zuen Zaharrean Berri Jai Batzordeak. Aipatutako ekimena baimenik gabe egitea arau-hauste «oso larritzat» hartuta, 1.500 euroko isunaz zigortua izan zen Alde Zaharreko jai batzordea.
Zigorra «onartezinatzat» jo du Alde Zaharreko Korrika Batzordeak. «Egunero gure espazioak okupatzen dituzten masa-turismoak eta makroekimenek ez dirudi baimen berezirik eskatzen dutenik; are gehiago, horiek zigortu beharrean, sustatu egiten ditu Bilboko Udalak», salatu du.
Horregatik, auzokideek espazio publikoaren erabilpen herrikoia aldarrikatu dute, eta argi utzi dute Bilboko Alde Zaharreko eragileek lanean jarraituko dutela «kaleak berreskuratzeko».
Bide horretan, abenduaren 1erako Zaharrean berri krosa antolatu dute. Aurrerago emango dute xehetasun gehiago.