NAIZ

Hil egin da aurreko astean Boroako Maderas Etxearin enpresan istripua izan zuen langilea

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, hil egin da aurreko astean Boroako Maderas Etxeari enpresan istripua izan zuen langilea. Sindikatuaren arabera, guztira 48 langile hil dira Hego Euskal Herrian aurten, horietatik 13 Bizkaian.

Gasteizen egindako lan istripuen aurkako mobilizazio baten argazkia.
Gasteizen egindako lan istripuen aurkako mobilizazio baten argazkia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Ostegun honetan zendu zen aurreko astean Zornotzako Boroa auzoan dagoen Maderas Etxeari enpresan istripua izan zuen langilea. ELAk azaldu duenez, lan istripua urriaren 15ean gertatu zen, behargina hiru metroko altueratik erori zenean. Langilea Iurretako Dana-Air azpikontratakoa zen eta konpresoreak mantentzeko eta berrikusteko lanak egiten ari zen.

«Beste behin ere, prebentzioan inbertsiorik ez egitea, jardueren koordinazio desegokia eta la baldintzen prekaritatea dira istripu hilgarriaren atzean dauden faktoreak», salatu du sindikatuak, eta «Bizkaiko metalaren sektoreko langileekin eta, oro har, Euskal Herriko langile klasearekin batera, egoera aldatzeko lan baldintza duinak, osasungarriak eta seguruak» eskatzen jarraituko duela nabarmendu du.

Zentzu honetan, salatu du «erakundeak ez direla eraginkorrak izaten ari lan istripuak ekiditeko orduan, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio gaiari lehentasuna emateko agenda politikoan, laneko arriskuen prebentzioaren arloan legea betetzea bermatzeko neurriak ezarrita.

Amaitzeko, ELAk iragarri du datorren astean deituko duela elkarretaratze bat, «azken lan heriotza hau eta orain arteko guztiak salatzeko». Izan ere, sindikatuak emandako datuen arabera, guztira 48 langile hil dira aurten Hego Euskal Herrian, horietatik 13 Bizkaian.

Boroakoa baino egun batzuk lehenago Loiun eta Olletan izan ziren ezbeharretan hil ziren langileak ere altuera batetik erorita zendu ziren.