Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Ertzaintzak Mozal Legea aplikatu dio EH Bizirik sareko kide bati mendian identifikatu ostean

Ertzaintzak Mozal Legea aplikatu dio Euskal Herria Bizirik-eko kide bati. Mendian zegoen ertzainek identifikatu zutenean, parke eoliko baten aurkako mendi martxa bat antolatzen. Asteartean elkarretaratze bat deitu du sareak Gasteizen emakumeari elkartasuna adierazteko.

Gasteizen larunbat honetan makroproiektuen aurka antolatutako manifestazioa.
Gasteizen larunbat honetan makroproiektuen aurka antolatutako manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskal Herria Bizirik ekimenak salatu duenez, Ertzaintzak Mozal Legea aplikatu dio sareko kide bati. NAIZi azaldu diotenez, mendian zegoen, Iturrietan aurreikusita zegoen parke eolikoaren aurkako mendi martxa bat antolatzen, ertzain batek identifikatu zuenean. Emakumeak ez zuen agiririk eta horren ondorioz Mozal Legea aplikatu zion.

Ohar batean Euskal Herria Bizirik-ek azaldu duenez, asteartean elkarretaratze bat izango da Gasteizen, Justizia Jauregiaren aurrean goizeko 9.30ean. Izan ere, emakumeak helegite bat aurkeztu du isunaren kontra eta horren harira epaiketa izango da.

«Beste behin mozal legea baliatzen dute inongo bermerik gabe militantzia bat zigortzeko, gelditzen ahalegintzeko», nabarmendu du sareak, eta Mozal Legeak «muntai-polizialak ahalbideratzen» dituela ohartarazi du.

«Polizia baten hitza soilik ontzat emanaz eta inolako frogarik aurkeztu beharrik gabe edonor zigor dezakete, egiazkotasunak axolarik izan gabe. Defentsarako eskubide oro ezerezean geratzen da, lehenengo ordaindu eta gero nahi baduzu izango duzu zure burua defendatzeko eskubidea. Mugimenduak ekonomikoki ito eta agortzea helburu duen politika baten zutabe nagusia da mozal legea. Beraz nahitaezkoa da lege hau bere osotasunean bertan behera uztea», gaineratu du.

EH Bilduk Pedro Sanchezen Gobernuarekin adostutako erreformak Mozal Legearen alderdi kaltegarriak deuseztatuko ditu, baldin eta Kongresuan gehiengoa lortzen badu. Horretarako, Podemosek eta Juntsek alde bozkatu beharko lukete.