Erdikoetxek txakolin zuria ekoizten du gehienbat; eskaintzaren %96, hain zuzen ere. Andonik bi motatakoak egiten ditu: bata gaztea, freskoa eta arina, poteorako ezin hobea, fruta berdeen zaporea daukana (madaria eta sagarra); eta bestea egituratuagoa, ondua, plater sendoekin (arrain koipetsuekin, adibidez) primeran uztartzen dena. Erdikoetxek txakolin gorria eta beltza ere ekoizten ditu, baina produkzioaren %4 baino ez dira.
Txakolin gorria, “Oilar Begi” ezizenez ezagutzen dena, bioleta kolorekoa da. Mahatsen azalarekin egindako zortzi orduko beratze bati esker lortzen da tonu berezi hori. Txakolin beltza, “Gozamena” izenarekin merkaturatzen dutena, Andoniren gogokoena da. Gerezi ilun tonua dauka, eta mugurdi eta haritz ukitua. «Euskal Herriko jende askok barietate hauek existitzen direnik ere ez daki», azpimarratu du Ojangurenek.
Erdikoetxen egiten den lanak artisau-prozesu zehatz bati jarraitzen dio. Andonik ekoizpenaren fase bakoitza gertu-gertutik gainbegiratzen du, mahats-bilketatik muztioaren hartzidura kontroleraino. «Txakolin on baten sekretua mahatsen kalitatean eta barietateen nahasketan datza», azaldu digu. Sektorean aurrerapen teknologiko asko izan diren arren, ziur dago artisau-ekoizpenak ukitu paregabea ematen diola azken produktuari. «Oso garrantzitsua da mahatsak eskuz biltzea. Makina batekin moztuz gero, fruituak asko sufritzen du, eta zaporea ez da naturala», zehaztu du.
«Honetan lan egiten duzunean, buru-belarri sartuta egon arren, beti duzu zure produktua uste bezain ona ote den kezka, baina sari hauek bide onetik goazela berresten dute»
Txakolingintzaren etorkizunaz hitz egitean, Andonik bere kezka agertu du, bere ustez belaunaldien arteko erreleborik ez dagoelako. «Ez da ikusten sektore honetan lan egiteko gogorik duen jende gazterik, eta ekoizle askok ez dute beren lanarekin jarraituko duen inor». Hala ere, bere kasuan behintzat, etorkizuna bermatuta dago. Alabak oinordetzan hartu du aitaren txakolinarekiko grina eta Erdikoetxerekin aurrera jarraitzeko prest dago.
Erakusleiho paregabea
Urtero, urriko azken astelehenean ospatzen den Gernikako merkatua erakusleiho paregabea izan da Erdikoetxe txakolindegiko jendearentzat. 2023an sariak lortu zituzten txakolin gorriarekin eta beltzarekin. «Gernika Bizkaiko erakusleiho garrantzitsuenetako bat da, Bilboko San Tomas eta Muskizko azokarekin batera», aitortu digu Andonik.
Bere ustez, mota hauetako ekitaldietan parte hartzea funtsezkoa da tokiko ekoizle txikientzat. Beren ardoak kontsumitzailearen aurrean erakusteko aukera ezin hobea ematen diote, publikoarengana heltzeko parada itzela. «Pozgarria da egiten ari zarena ondo dagoela frogatzen duten mota horretako aitortza hauek jasotzea», onartu du. «Honetan lan egiten duzunean, buru-belarri sartuta egon arren, beti duzu zure produktua uste bezain ona ote den kezka, baina sari hauek bide onetik goazela berresten dute, eta horrek aurrera segitzeko indarra ematen dizu», gaineratu du.
Andoni 1982an hasi zen txakolinaren munduan lanean. Geroztik, txakolinaren pertzepzioa zeharo aldatu da Euskal Herrian. «Lehen, kalitate eskaseko ardo garratza zela uste zuten gehienek. Egun, gauzak goitik behera aldatu dira: mahatsak aukeratzen direnetik hartzidura prozesuraino, eta horrek erabat eraldatu du dena. Orain, txakolina ardo preziatua da, gozo-gozoa, berezko izaera berezia duena».
Sektoreak aurre egin beharreko erronkak gorabehera, Andonik bikaintasunarekin konprometituta jarraitzen du, berrikuntza eta tradizioarekiko errespetua uztartuz.