Jon Ormazabal

Kalkulagailuak Iñaki Artolaren zain dira

Alegiarrak gaur egin ditu izterrean duen lesioaren larritasuna zehazteko probak et bihar jakingo du astebruruan Jakaren aurka jokatzeko moduan ote den.

Iñaki Artolak zail izango du asteburuan jokatu ahal izatea.
Iñaki Artolak zail izango du asteburuan jokatu ahal izatea. (Gorka RUBIO/FOKU)

Maila goreneko partida gehiago bermatzeko asmoz ezarritako final zortzirenetako ligaxkak ez du beti espero bezala funtzionatzen. Aurten, Iñaki Artolaren lesioaren norainokoa konfirmatu zain, interes gutxiko azken jardunaldi bat izan dezakegu, datorrena bezalako asteburu luze bat betetzeko.

Momentuz, ostiraleko Peña / Peio Etxeberria partidak Arrasaten ez du inolako eraginik sailkapenean; Jaka eta Artolaren artekoa arrisku bizian da eta Altuna eta Zubizarretaren artekoa ere markagailuak oso baldintzatuta jokatuko da, aurrez behintzat ataundarrak aurrera egiteko aukerak oso urriak direnez.

Larunbateko Laso / Elordik bai, Iruñeko partida horrek sekulako garrantzia izango du, kanporaketa moduko bat izango delako; irabazlea B multzoko bigarrena izango da eta galtzailea etxera joango da.

Iñaki Artolari gaur egin dizkiote izterrean duen lesioaren larritasuna zehazteko probak, eta asteazkenean jakingo dituzten emaitzen araberakoa izango da A multzoko sailkapena. Oraindik alegiarrak badu aurrera egiteko aukerarik; horretarako, Jakari 22-12 irabazi beharko lioke, eta Altunak Zubizarretari irabaztea, baina gaur-gaurkoz, zaila dirudi jokatzeko aukerarik izatea.

Jokatzerik ez balu, Jaka zuzenean sartuko litzateke finalerdietan, eta beste postua Altuna eta Zubizarretaren artean jokatuko lukete. Amezketarrak nahikoa ditu 8 tanto aurrera egiteko eta 13 taldeko lehena izateko. Ataundarrak, bestalde, txapelduna 8 tantotan utzi beharko luke, edo edozein emaitzarekin irabazi eta Artolak Jakari irabaztearen zain egon.

Finalerako sarrerak

Bien bitartean, enpresek aditzera eman dutenez, asteazken eguerdi honetan salgai jarriko dira azaroaren 24an –Athletic eta Realaren arteko futbol derbia ere egun horretan izango da– jokatuko den lehen mailako finalerako sarrerak. Kantxakoek bi salneurri ezberdin izango dituzte, frontisetik hurbilenek 120€, eta 95€ atzekoek. Gainerakoan, garestienak 130€ko palkoak izango dira, eta merkeenak, 3. erreboteko 40€koak.