NAIZ

Kabiako euskara eskakizunaren aurkako epaiari helegitea aurkeztuko dio Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea aurkeztuko du Kabiako lan eskaintza publikoa euskara eskakizunagatik baliogabetzen duen epaiaren aurka. «Ez dugu atzerapauso bat ere emango Aldundiak azken urteotan egiten duen euskararen normalizazio prozesu honetan» aldarrikatu du.

Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzea egin zuten Gipuzkoako Foru Jauregiaren aurrean.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzea egin zuten Gipuzkoako Foru Jauregiaren aurrean. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko Epaitegiak bertan behera utzi zuen aurreko astean Kabiak, Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde autonomoak, egoitzetako langileentzako 34 plaza betetzeko egindako deialdia. Astearte honetan, Aldundiak epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko duela iragarri du.

Irune Berasaluze foru bozeramaileak, Foru Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Aldundiak horrelako epaien inguruan izan duen jarrera berretsi du.

Berasaluzek gogorarazi du Kabiako LEPari buruzkoa ez dela epai irmoa, eta, beraz, foru erakundeak dagokion errekurtsoa aurkeztuko duela, uste baitu «herritarrek eskubidea dutela Aldundiak ematen dituen zerbitzuak nahi duten hizkuntzan jasotzeko».

«Egunero-egunero euskaraz egiten dugu gure lana, eta ez dugu atzerapauso bat ere emango Aldundiak azken urteotan egiten duen euskararen normalizazio prozesu honetan», azpimarratu du.

Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo euskararen aurkako oldarraldi judizialaren azken kasua salatzeko.

Kabia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Sailari atxikitakoa erakunde autonomoa da, adinekoen eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaz arduratzen da eta egoitzak ditu Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Bergaran, Eibarren, Elgoibarren, Errenterian, Hernanin, Irunen, Lasarte-Orian, Oñatin, Ordizian, Pasaian, Tolosan, Villabonan eta Zumaian.