«Udaltzain guztiek euskara jakin behar dute» leloarekin, hizkuntza eskubideen aldeko mobilizazioak deitu dituzte Getxon. Euskalgintzaren Kontseiluak, LABek eta ELAk irakurketa bateratua egin dute, eta elkarretaratzea deitu dute ostegun honetarako, 11.00etan Getxoko Udaletxe aurrean. Gainera, astelehenean, azaroak 4, herritarrek deitutako bi mobilizazio egingo dira Algorta eta Erromo auzoetan.
Kontseiluak eta bi sindikatu abertzaleek oso larritzat jo dute euskara eskakizuna udaltzain berrien erdiei soilik ezartzeko Getxoko Udalak harturiko erabakia. Lehenik eta behin, udaltzainek herritarrarekin duten harreman zuzena, eginbeharren garrantzia eta herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak direla kontuan izanik, udaltzain bakar batek euskararen ezagutza ez izateak zerbitzu osoa eta herritarren eskubideak eta integritatea baldintzatzen dituela uste dutelako. «Izan ere, ugariak dira udaltzaingoarekin harremanetan herritarrek pairatzen dituzten eskubide urraketak».
Era berean, bi udaltzainetik bakarrak euskara jakitea «nahikoa» dela azaltzen da deialdian, baina «jasotako hizkuntza eskubideen urraketek agerian uzten dute hori ez dela horrela. Gainera, bikoteko batek euskaraz ez jakiteak, de facto inposatzen du gaztelania lan hizkuntza bakar modura».
Erantsi dute kasu hau ez dela egonkortze prozesu bat, hutsetik abiatutako lan deialdi bat baizik. «Ondorioz, ez da bermatzen lanpostua eskuratuko duten udaltzain gazteek euskararen ezagutza izango dutenik eta, beraz, eskubide urraketak hamarkadetan luzatu ditzake horrek».
«Bereziki larria»
Euskalgintzaren Kontseiluak, LABek eta ELAk adierazi dutenez, bada kasu hau «bereziki larria» egiten duen sakoneko beste ezaugarri bat: erabakia justifikatzeko erabili diren arrazoiak. «Izan ere, botere judiziala izan da orain arte udaletatik eta, oro har, administrazio publikotik euskararen alde bultzatutako neurrien aurka egin duena. Finean, hizkuntza politika eginez, instituzioek horretarako duten eskumena baliogabetuz. Kasu honetan, baina, Udala bera izan da hizkuntza berdintasunaren aurkako neurriak ezarri dituena. Erabaki honek atea irekitzen dio oldarraldi judizialaren fase berri bati».
«Errealitate soziolinguistikoa» aipatzen du Udalak euskararen aldeko neurrien mugatzea justifikatzeko. Hala ere, «hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen dikotomia faltsua zabaldu nahi den honetan, gehiengo sindikala argi eta garbi paratu da euskararen normalizazioaren alde. Legebiltzarrean ere, gehiengo nabarmen bat da euskaltzaletasunean kokatzen dena, zeina iazko azaroaren 4an oldarraldiaren aurka kalera atera zen Bilbon. Are, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %75ek ezinbestekotzat jotzen dute langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak ezagutzea. Azkenik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jasotako salaketek ageria uzten dute administrazioak ez duela bermatzen norberak nahi duen hizkuntza artatua izateko eskubidea».
«Hori guztia ere bada ‘errealitate soziolinguistikoa’», azpimarratu dute. Argi ikusten dute, beraz, jendartean adostasun zabala dagoela euskararen normalizazioan aurrera egin eta administrazioa euskalduntzeko urrats ausartak egitearen alde.
Deialdiak
Astelehen honetan Donostian Kabiako hizkuntza eskakizunarekin egin bezala, Kontseiluak, LAB eta ELAk dei egin diete euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden alderdiei hizkuntzaren auziari berez dagokion zentralitatea eman diezaioten eta euskararen normalizazio prozesuak eskatzen dituen konpromiso eta neurriak har ditzaten. «Urratsak egiteko segurtasun juridikoa bermatuko duen lege aldaketa bat urgentziazkoa da, administrazio erabat elebidun bat delako hizkuntza eskubideak egiazki berma ditzakeen bakarra», argudiatu dute.
Horretaz gain, elkarretaratzea deitu dute ostegun honetarako, urriak 31, 11.00etan Getxoko udaletxe aurrean, herritar zein langile guztien hizkuntza-eskubideak defendatu eta Udalari eskatzeko erabaki hau bertan behera utz dezala.
Azaroaren 4an, astelehenarekin, herritarrek deitutako bi mobilizazio egingo dira Getxoko auzoetan, 19.00etan Algortako Telletxe plazan eta Erromoko Santa Eugenia plazan.