Ostegun honetan, Gau Beltza egunean, itxi behar zen Kopako lehen kanporaketa, eta bertan hiru talde euskaldun aritu behar ziren. Baina DANAk eragindako kalteak direla-eta, zenbat partida bertan behera geratu dira, eta horien artean Realak Alacanten, Hirugarren Federazioko Jove Españolen aurka, jokatu beharrekoa zen. Amorebieta eta Tudelanoren lehiek aurrera jarraitzen dute. Gogoratu behar da Athletic oraindik ez dela txapelketan sartu Superkopa jokatu behar duelako Kopako txapeldun bezala.
Realak zuen irabazteko behar gehien, Girona eta Macabbi Tel Aviven aurkako garaipenen ostean asteburuan Osasunaren aurka 0-2 galdu baitzuen. Baina Valentzian egondako euriteak oztopo izango dira azkenean eta beste egun eta ordu bat finlatu beharko dute orain.
Litekeena zen entrenatzaile oriotarrak minutu gutxien dituzten jokalariak zelairatzea. Izan ere, deiañlditik kanpo utzi ditu Mikel Oyarzabal, Martin Zubimendi, Brais Mendez, Alex Remiro eta Nayeb Aguerd bezalako jokalariak. Beñat Turrientes ez da deialdian sartu ezta ere, baina bere kasuan gihar arazo batzuengatik.
Hala, deialdian sartuta zeuden Dani Diaz erdilaria, Arkaitz Mariezkurrena aurrelaria edota Urko Gonzalez de Zarate. Odriozola, Ahien, Olasagasti edota Magunazelaia ere hamaikakoan sar zitezkeen. Aurrean, berriz, Sadiquek lehen gola egiteko aukera bikaina izan zezakeen.
Barbastro-Amorebieta
Ostegunerako finkatuta dauden beste bi euskal taldeen partidei dagokienez, talde bizkaitarrak Barbastrori egingo dio bisita (19.00) eta, bere kasuan, "entrenatzaile berria, garaipen ziurtatua" esaldiarekin segitu nahiko dute aurrera Kopan. Izan ere, klubak asteartean jakinarazi zuenez, Julen Guerrero prestatzaileak ez du jarraituko taldea azken postuan utzi ostean.
Zornotzako klubak oraindik ez du jakinarazi nork hartuko duen Athleticeko jokalari ohiaren postua, baina jokalariek aukera bikaina dute inoiz baino gehiago "taldea" egiteko, garaipena lortu eta kanporaketa gainditzeko.
Tudelano-Deportiva Minera
Talde nafarra izango da etxean jokatuko duen bakarra ostegun honetan (Ciudad de Tudela, 20.00). Horretarako, ekintza ugari antolatu ditu neurketa baino lehen, 18.00etatik aurrera.
Hala ere, emozioa zelaian egongo da. Eta ez da gutxiagorako ere. Izan ere, irabazleak sari potoloa izango du hurrengo kanporaketan: Lehen Mailako talde baten aurka lehiatzea. Biharko partidarako, Tudelanok kamiseta berria estreinatuko du.