Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Amatasuna(k) fikzioan

Fikzioan amatasunaren gaiari loturiko kontakizun errealistak, zintzoak eta benetakoak topatzea zaila da oraindik ere. Zorionez gauzak apurka aldatzen ari dira: aurten esaterako modu nahiko egokian ari dira gaia jorratzen, errealitate (ia) guztiak kontuan hartuta.

Hasteko ‘Mamífera’ aipatuko dut; bertan azaleratzen dena gutxitan ikusi dugu fikzioan, «ez dut ama izan nahi» dioten emakumeena. Liliana Torres zuzendariak, errealismo eta zintzotasun handiz, emakumeen gorputzean eta buruan gertatzen diren aldaketak eta horiek sortzen dituzten emozio oso konplexuak aztertzen ditu.

Gutxitan erakutsi den beste errealitatea emaginena izan da. Lea Fehner frantziarraren ‘Sages-femmes’ (gazteleraz ‘Matronas’) adibide egokia iruditzen zait, emaginen egunerokoaren eta haien lanbideak dakarren presio neurrigabearen erretratu adierazgarria baita. Bereziki Hollywoodetik iritsi ohi den iruditeria trakets eta kaltegarri horri –idealizazio etengabeak, erditze uneak nola erakusten dituzten, haurdunaldiak...– errealismo-belarrondoko galanta ematen dion proposamena.

Lerro hauek idaztera bultzatu nauena, ostegu honetan bertan estreinatzen den ‘Salve María’ filma da, azpimarratu nahi dudan hirugarren edukia; ilunena eta latzena zalantza izpirik gabe. Egun batzuk igaro dira ikusi nuenetik eta ezin dut burutik kendu. Thriller dramatikoaren eta beldurraren kodeez baliatzen den lan honetan, amatasunaren alderik ilunenean murgilduko gara. Sorkuntzaren eta amatasunaren arteko hausnarketa da, baina infantizidioaren gai beldurgarria erdigunean kokatuko du zuzendariak.

Hiru proposamen hauek aurten estreinatu dira; espero dezagun datozen hilabete eta urteetan gaia fideltasunez eta errealismoz jorratzen jarraitzea, eta batez ere dauden errealitate guztiak aintzat hartzea.