Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskualde guztietako 16 urteko eta gehiagoko biztanleriaren langabezia tasa jaitsi egin zen 2023. urteko urtarrilaren 1ean, Arabako Mendialdea (%5,8), Urola Kosta (%5,9) eta Gorbeialdea (%6,2) nabarmenduz tasa txikia izateagatik. Langabezia tasarik handienak, berriz, Enkarterrietan (%10,4), Bilbo Handian (%9,9) eta Arabako Errioxan (%9,6) zeuden. EAEko batez besteko langabezia tasa %8,5ekoa zen orduan, Eustat estatistika erakundearen datuen arabera.
Udalerrien tamainari begiratuta, langabezia tasa txikiagoa zen biztanle gutxiago dituztenen artean. 5.000 biztanletik beherako udalerrien taldea nabarmendu zen, %7,1eko langabezia tasarekin; ondoren, 5.000 eta 10.000 biztanle arteko udalerrien maila eta 10.000-40.000 artekoa zeuden (%7,7); %9,7ko tasarekin 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko udalerriak zeuden, autonomia erkidegoko batez besteko langabezia tasaren gainetik.
Hiriburuei dagokienez, Donostiak zuen langabezia tasarik txikiena 2023ko urtarrilaren 1ean (%6,9), eta ondoren Gasteizek eta Bilbok (%9,1 eta %10,8, hurrenez hurren). Langabezia tasak behera egin zuen hiru kasuetan: %1,7 puntu Bilbon, %1 puntu Gasteizen eta %0,8 puntu Donostian.
197 udalerritan langabezia tasa batez bestekoa baino txikiagoa zen data horretan, hau da, udalerrien %78an. Muturretan, hamar udalerrik %3tik beherako langabezia tasa zuten: Leintz-Gatzaga, Kripan, Albiztur, Aduna, Gizaburuaga, Arama, Mutiloa, Baliarrain, Murueta eta Garaik (txikienetik handienera), guztiak 5.000 biztanletik beherakoak.
Beste muturrean, zazpi udalerritan langabezia tasa %12tik gorakoa zen: Lanestosa, Ikaztegieta, Alonsotegi, Balmaseda, Oion, Sestao eta Artzentalesen (tasa handienetik txikienera ordenatuta).
Okupazioa
Okupazioari dagokionez, EAEko 16 urte eta gehiagoko biztanleriaren okupazio tasa %52,2koa zen 2023ko urtarrilaren 1ean, hau da, %0,9 puntuko hazkundea 2022ko urtarrilaren aldean. 20 eskualdeetatik 17k okupazio tasa handitu zuten aurreko ekitaldiaren aldean.
Plentzia-Mungia eskualdean zegoen okupazio tasarik altuena, %56,9rekin, %1 puntuko igoera izanik 2022aren aldean. Gorbeialdeak %56,7ko tasa zuen (-%0,7 puntu), eta hirugarren Urola Kosta zegoen, %56,4ko tasarekin (%0,6 puntu gehiago).
Udalerrika, eta tamainaren arabera, 5.000 biztanletik beherakoek batez besteko okupazio tasa nahiko altua zuten (%54,8). Talde horren barruan tasa nabarmen altuak zituzten udalerriak zeuden, hala nola Baliarrain (%72,6), Orendain (%68,5) eta Aduna (%67,3), baita tasarik baxuenak zituztenak ere, besteak beste, Lanestosa (%39,0), Lagran (%42,6) eta Elantxobe (%42,7).
Hurrengo udalerri geruzan, 5.000 eta 10.000 biztanle artekoan, batez besteko okupazio tasa %54,1ekoa zen. Goiko muturrean Astigarraga (%69,2) eta Urduliz (%61,4) nabarmendu ziren, eta behekoan Balmaseda (%47,6), Ondarroa (%48,0) eta Lekeitio (%48,5).
10.000-40.000 biztanleko udalerrien artean, batez besteko okupazio tasa %53,3koa zen, eta Etxebarri eta Sopela ziren multzo horretako buru, %62,5eko eta %59,3ko tasekin, hurrenez hurren.
Hurrengo geruzan, 40.000 biztanletik gorako eta 100.000 biztanletik beherako udalerrietan, Barakaldok zuen okupazio tasarik altuena (%51,5), eta ondoren Irunek (%51,3). Geruza horren batez bestekoa %49,7koa da.
Hiriburuei dagokienez, Gasteizek zuen okupazio tasarik altuena 2023ko urtarrilaren 1ean, %52,9koa, alegia; ondoren, Donostia zegoen, %52,2ko tasarekin, eta azkenik Bilbo, %49,8koarekin.
Lanean ari diren hamar pertsonatik seik, goi mailako ikasketak
Bestalde, prestakuntza maila kontuan hartuta, gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleria landunaren %59,9k goi mailako prestakuntza du: %20,3k goi mailako lanbide heziketa eta %39,6k unibertsitate hezkuntza.
Langabeen artean, hezkuntza maila hori %36,8 da; goi mailako lanbide heziketa %15,5 da, eta unibertsitate hezkuntza gainerako %21,3. Bestalde, langabeen %39,8k lehen mailako ikasketak besterik ez ditu edo ez du inolako titulaziorik. Landunen artean, berriz, ehuneko hori askoz txikiagoa da (%19,6).