Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Futbolaz harago doan kontakizuna

LOS WILLIAMS
Euskal Herria-Estatu espainiarra. 2024, 85’. Zuzen.: Raul de la Fuente. Gidoia: Amaia Remirez. Musika: Mikel Salas. Argaz.: Raul de la Fuente, Gorka Gomez Andreu.

Williams anaiak dokumentaleko une batean
Williams anaiak dokumentaleko une batean (Kanaki Films)

Raul de la Fuente zinemagile nafarraren ‘Los Williams’ dokumentala iritsiko da ostegun honetan zinemetara; gizonezko Athletic Clubeko jokalari diren bi anaiaren eta horien familiaren historiaren inguruko lanarekin, hain justu.

De la Fuente eta lantaldea bi urtez ibili dira Athletic-eko jokalarien atzetik, Qatarko Munduko Txapelketan parte hartu zutenetik Eurokopara arte. Narrazioa osatzeko familiaren artxibo pertsonala eta Iñakiren, Nicoren eta amaren arteko bideodei eta ahots oharrak ere erabili dituzte –lanari naturaltasun handia ematen diotena–, iraganeko hainbat gertakari antzeztu dituzte eta elkarrizketak egin dizkie Williamstarrei, baita haurtzaroko lagunei eta zaleei ere.

Futbolaz harago doan istorio bat du oinarri, protagonisten ibilbidean garrantzitsuak izan diren zenbait gatazken bidez gerturatzen baita dokumentala euren bizitzara; migrazioari, identitateari, familiari eta, tamalez, arrazakeriari buruzko kontakizun bat da.

Raul de la Fuente

Urte hauetan guztietan egin dituen lanei esker, iruindar zinema zuzendari eta gidoigilea oso laudatua izan da Euskal Herrian zein nazioartean. Bere lehen lan luzea 2006ko ‘Nömadak TX’ izan zen. 2014an aldiz film labur dokumental onenaren Goya saria irabazi zuen ‘Minerita’ lanarekin.

2018an, ‘Another Day of Life’ animaziozko dokumentala Cannesko hautaketa ofizialaren barruan emanaldi berezi batean aurkeztearekin batera, Donostiako Publikoaren Saria eta animaziozko film onenaren Goya eta Europako Zinemaren Saria irabazi zituen. 2022an film labur dokumental onenaren Goya saria irabazi zuen ‘Maldita. A Love Song to Sarajevo’ lanari esker.