NAIZ

Mingain urdin kasu bat atzeman dute Oiartzungo ardi ustiategi batean

Oiartzungo baserri batean mingain urdinaren gaitzaren kasu bat atzeman dute, Gipuzkoako Aldundiak baieztatu duenez. Neurri sorta abiatu du fokua kontrolatzeko, txertaketa kanpaina barne.

Mingain urdinaren gaitzak bereziki ardiei eragiten die.
Mingain urdinaren gaitzak bereziki ardiei eragiten die. (Mikel ARRAZOLA | GOBIERNO DE LAKUA/EUROPA PRESS)

Albaitariek mingain urdinaren gaitzarekin kutsatutako foku bat atzeman dute Oiartzungo ardi ustiategi batean, Gipuzkoako Aldundiak baieztatu duenez.

ENBAk azaldu duenez, kasua aurreko astean agertu zen ardi batean eta laborategiek orain baieztatu dute positiboa, 8 serotipokoa. 

Aldundiak ohar batean adierazi duenez, mingain urdinaren gaixotasuna kontrolatzeko neurri sorta bat aktibatu du. Hala, behi eta ardi aziendaren ustiategiek nahitaez hartu beharko dute txertoa, zehazki, espezie horietako hiru hilabetetik gorako animalia guztiek.

Foru erakundea «berehal»a hasiko da kanpainarekin, eta bere gain hartuko ditu txertoa eskuratzeko eta aplikatzeko gastu guztiak. Aurreikuspenen arabera, 105.000 ardi buru eta 41.300 behi inguru txertatuko dira.

Horrekin batera, hainbat muga ezarriko dira Gipuzkoan jatorria duten animalien mugimenduan, bai EAE barruan, bai EAEtik kanporako mugimenduetan. Abeltzaintzako azokak, txapelketak eta animalien bestelako kontzentrazioak antolatzeko baldintzak ere zehazten dira aipatutako neurrietan.

Aldundiaren arabera, positiboa baieztatu bezain pronto albaitariei eta abeltzaintza sektoreari jakinarazi zaie birusaren presentzia, balizko kasu berrien aurrean adi egon daitezen. Halaber, ganaduaren mugimenduen murrizketak eta txertaketarako hartutako neurriak helarazi zaizkie. «Egoera honetan ere, baserritarrei laguntzeko eta haiekin lankidetzan jarraitzeko konpromiso sendoa» adierazi du foru erakundeak.

Hego Euskal Herrian mingain urdinaren gaitza atzeman den lehen kasua litzateke Gipuzkoakoa, ‘Agrodigital’ atariaren arabera. Orain arte, EAE gaitzetik salbu zegoen, baina arrisku gune bezala izendatuta zegoen mingain urdinaren birusaren Estatuko zaintza programan.

Birusa zirkulatzen ari dela baieztatuta, Lakuako, Nafarroako, Aragoiko eta Gaztela-Leongo agintariek fokuaren inguruan eremu bat ezartzea erabaki dute, Hego Euskal Herria eta Zaragozako Ejea de los Caballeros eta Sos del Rey Católico albaitaritza-eskualdeak barne hartzen dituena, agerkari horren arabera.

Mingain urdina edo ardien katarro-sukarra gaixotasun biriko kutsakorra da. Etxeko animalia hausnarkariei (behiak, ardiak eta ahuntzak) zein basatiei eragiten die, bereziki ardiei, eta intsektuen bidez transmititzen da, batez ere Culicoide generoko eltxoen ziztadaren bidez. Espezie kaltetuaren arabera, sintomatología desberdina eragin dezake, edo batere sintomarik ez.

Gaixotasun horrek ez du inolako eraginik gizakiengan eta ez zaie transmititzen, ez animaliekin edo artilearekin kontaktuan egoteagatik, ez elikagaiak kontsumitzeagatik.