Irailaren 28an Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak asanblada ospatu zuen Gasteizen. Bertan hogei eragiletik gertu eta ia berrogei emakumek parte hartu zuten. Besteak beste 2025 urtean izango den VI nazioarteko ekintzaren berri eman zuten, zeinetan krisi ekosoziala, migrazioak eta indarkeria matxisten gaiak landuko dituzten.
Martxoak 8aren bueltan abiatzea aurreikusten da eta udazkena bitarte iraungo du, eta ekimen nagusia ekainaren erdialdean, 13tik 15era, izango da Marseillan, ‘Herri subiranotasuna eta bizitza duinak, gerra eta kapitalismoaren kontra’ lelopean.
Euskal Herriko Emakume Mundu Martxak 2025 urteari hasiera emango dio Atarrabian indarkeria matxisten inguruan egingo diren jardunaldien bitartez, non besteak beste justizia feministaren eta indarkeria matxisten kontrako protokoloen gaiak jorratuko dituzten.
Irailean egindako asanbladan bertan jardunaldi hauek prestatzeko martxan jarri dituzten lan-taldeetan parte hartzeko deialdia luzatu zuten, eragile zein norbanakoei gonbitea luzatuz. Jardunaldietara izen-ematea abenduak 9 bitartean egin ahal izango da emakumemartxa@gmail.com helbidearen bitartez.
Azkenik, aipatutako VI. Nazioarteko Ekintza Euskal Herrian lurreratzeko aukerak ere aztertu zituzten. Talde txikitan egindako ideia zaparraden bitartez proposamen desberdinak jaso ziren. Datozen hilabeteetan ekintza honek izango duen forma landu eta honen berri emango dute.