Washingtonera begira dauden honetan, DCtik mundura begirada bat
Washingtonen urduritasuna da nagusi. Mundu osoko kazetariak etorri dira egunotan, eta laster joango dira gehienak, baina bertan bizi denarentzat egunak aurrera jarraituko du. Washingtondarren erdiak beltzak dira, auzune gogorretan bizi dira euretako asko. Arma gehiegi (udalak mugatzeko neurriak hartuta ere, beti dago konstituzioak armak edukitzeari ematen dion babesa), eta are gehiago egotearen arriskua, 2021eko urtarrilean bezala Trumpen aldeko neonazi eta ultra andanak hiriburura etortzea erabakitzen badu.
Hala eta guztiz, hiri eder eta oso progresista da DC. Chuck Brown eta Duke Ellingtonen hiria da (baita Fugazi-rena ere). Eskolan «gogo» musikaz ikasten dute gaztetxoek eta nerabeek. Astelehen goizez asteburuan Pennsylvaniara egindako txangoaz berbetan dabiltza, gurasoekin kanpainan parte hartzeaz. Zuriak dira horietako gehienak, etxez etxe joatea beti da arriskutsuagoa beltzentzat. Telefonoz deiak egiten jardun dute beste askok. Irakasleek ez dute ahaztu haur beltzak eskolara negarrez etorri zirenekoa, «gorroto gaituen gizon batek irabazi du» esanez.
Gaztetxoek batzuetan galbaherik gabeko txisteak egiten dituzte. «Ezkutatu hadi, Polizia ilegalen bila zabilek» bezalako txantxak egiten dizkiote beltz batzuek Amerika Erdialdetik iritsi diren ikasleei. Helduoi oso gogor egiten zaizkigun kodeak dira; elkarri onartzen dizkiote, baina beti gainerakook atezuan uzten gaituzte. Ikasle judu asko daude eskolan. Musulman jatorrikoak ere gero eta gehiago: Kazakhstanen, Pakistanen edo Egipton jaioak.
Gaurko nerabeek 5-6 urte zituzten Trumpek musulmanei herrialdea itxi zienean, Ku Klux Klaneko estetika darabilten neonaziei jende txukuna deitu zienean, Amerika Erdialdeko haurrak gurasoengandik bereizi zituenean. 12-14 urteko ume eta gaztetxoak. Batzuek guraso oso gazteak dituzte; komeni baino lehenago haurdun geratuko da ziurrenik haietakoren bat ere urte gutxi barru. Washingtonen libreki erabaki ahalko dute zer egin, haurdunaldiarekin jarraitu ala eten. Herrialde honetako beste estatu askotan ez dute aukera bera. Eta debeku hori herrialde guztian erabateko bihurtu nahi dutenen aurrean, dozenaka milioi lagunek, emakumeak gehienak, aski dela esango dute gaur.