NAIZ

Behar berriei erantzutea xede, Harreraren lau urteko plana eztabaidagai larunbatean Andoainen

Larunbat honetan Andoainen ez-ohiko batzarra bilduko du Harrera elkarteak, zuzendaritza berriak prestaturiko lau urteko plana mahai gainean dela.

Harrera Elkartearen azken ohiko batzarra, maiatzean Zarautzen.
Harrera Elkartearen azken ohiko batzarra, maiatzean Zarautzen. (Jon Urbe | Foku)

EPPKk abiatutako bidetik, baldintzapean aske edota hirugarren graduan diren presoen kopurua biderkatu egin da azken garaiotan, bai eta etxera itzulitako iheslari ohiena ere. Behar berriak sortu ditu honek eta horri erantzuteko lau urteko plana osatu du Harrera Elkartearen zuzendaritza berriak, ‘2024-2028, tximeletaren hegaldia marrazten’ izena duena (elkartearen ikurrari aipamena eginez).

Ez-ohiko batzarra deitu dute larunbat honetan Andoainen (Basteron, 10.30tan) hori eztabaidatu, ekarpenekin borobildu eta onartzeko asmoz. Idoia Martinez idazkari berriak elkarrizketa honetan aurreratu zuenez, «behar berriak sortzen ari dira: esaterako, espetxera joan eta itzultzeko garraiobideak, kanpoan jan beharra, dutxa bat hartu eta atseden hartzeko toki bat izatea...». Plangintzan «asistentzia eta akonpainamendu integrala»ren erizpidea nabarmentzen da, orain arteko ildoan sakonduz.

Hamabi urteko ibilbidea egin du jada Harrerak eta tarte horretan 450 lagunei eman die laguntza, etxebizitza eskuratzeko, lana lortzeko, osasun-arreta egokia izateko, egiteko administratiboetan (NANa atera, gidatzeko karneta...) laguntzeko...

Hurrengo lau urteotarako plangintza honetan, akonpainamendu integralaren zehaztapenarekin batera, «birgizarteratze-prozesuetan euskal gizartearen esparru anitzen inplikazioa» lantzen da. Harrera Elkartearen izaera, antolaketa eredua eta autokudeaketa ere garatzen dira