Nafarroako Gobernuak Merezimenduen Dekretua delakoa onartu du asteazken honetan. Bertan euskara, ingelesa, frantsesa zein alemanieraren ezagutza oposaketa bakoitzaren ezaugarrien arabera baloratuko dela ezartzen da. Euskarari dagokionez, zenbatetan «zonalde mistoa» deritzonean meritu gisa kontuan hartu ahal izango da, baina ez orokorrean, lanpostuaren arabera baiziki. «Zonalde ez-euskaldunean» ez du inoiz puntuaziorik izango.
Estatu mailan abian den euskararen aurkako oldarraldiaren testuinguruan dator dekretu hau, zeinean epai ugariren bidez ari diren erakunde ezberdinek bultzatutako oposaketak legez kanpo uzten. «Segurtasun juridikoaren beharra» argudiatzen du Nafarroako Gobernuak. Asmo hau aurtengo martxoan salatu zuten jada eragile ugarik Iruñean egindako agerraldian.
Merezimenduen Dekretu honen berri izan bezain pronto, «Nafarroako herritarren berdintasuna eta kohesioa haustea» egotzi diote nafar Gobernuari Behatokiak eta Kontseiluak, prentsa ohar batean laburbildu dutenez. «Arau honek Nafarroako ehunka edo milaka lanpostutan euskararen ezagutza meritu gisa baloratua izatea ere debekatuko du», aurreikusten dute.
Arazoaren muinari helduz, 2019ko urrian, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak legeak ezarritako eremu mistoan, ez-euskaldunean eta administrazioko zerbitzu zentraletako lanpostuetan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea ahalbidetzen zuen 103/2017 Foru Dekretuko 31., 35. eta 39. artikuluak eta laugarren xedapen iragankorra baliogabetu zituen, ‘diskriminatzaileak’ eta ‘neurriz kanpokoak’ zirela argudiatuz», ekarri dute gogora.
Kontseiluak: «Urteetan luzatu den hutsune hori betetzera letorke Merezimenduen Dekretu berri hau baina, tamalez, 2017ko Foru Dekretuaren jatorrizko neurriak edukiz hustu dira»
«Horren ondorioz, 2019tik aurrera, eremu ‘misto’ eta ‘ez-euskalduneko’ ehunka lanpostu publikotarako deialdietan alemana, frantsesa eta ingelesa bezalako atzerriko hizkuntzak meritu gisa baloratu dira, ez ordea euskararen ezagutza, Nafarroako berezko hizkuntza dena», azaldu dute.
«Printzipioz, urteetan luzatu den hutsune hori betetzera letorke Merezimenduen Dekretu berri hau baina, tamalez, 2017ko Foru Dekretuaren jatorrizko neurriak edukiz hustu dira. Ondorioz, nafar herritarren eta euskal hiztunen eskubideak alboratu eta zerbitzu publikoetan euskara erabili ahal izateari zein Nafarroako Gobernuaren euskararekiko aitortzari muga eta oztopo sendoak ezarriko dizkio», aurreratu dute.
Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz, «atzerapausoa oso larria da» gaur burutu dena. «Orain arte, legeak ezarritako eremu ‘ez-euskaldunean’ euskararen ezagutza baloratu ahal izan da lanpostu batzuetarako. Dekretu berriarekin, berriz, hori ere ezabatu da eta Nafarroan ofizialak edo berezkoak ez diren atzerriko hizkuntzak baloratu ahal izan dira».
«Mistoari» dagokionez, 1994an euskararen ezagutza %10 eta %5 baloratzen zen, eta 2009tik aurrera lanpostu batzuetan %3 eta besteetan %6, oroitarazi du. «Orain ordea, gutxieneko balorazio orokortu hori ere baztertu dute dekretu berri honekin eta lanpostu jakin batzuetan soilik baloratu ahalko da euskararen ezagutza».
Hortik aurrera, ezin da jakin nola jokatu duen Administrazioak. Izan ere, «Gobernuari deialdiz deialdi balorazio hori nola egingo den eta zein jarraipen izango duen galdetu zioten arren, ez du erantzunik eman oraindik», salatu du Kontseiluak.
Eremu «euskaldunean», azkenik, «dekretu honek epaitegietan baliogabetu ez ziren neurriak baino atzerakoiagoak ezartzen ditu. Horrek argi uzten du dekretu berriaren helburua ez dela auzitegiak baliogabetutakoari irtenbidea ematea, baizik eta euskal hiztunen eskubideak zokoratzen jarraitzeko intentzionalitate osoa duela eta, finean, gutxiagotutako hizkuntza eta hiztunen diskriminazioa betikotzeko».
Kontseilua: Ez da puntuazioa, eskubideak dira
Hau guztia dela, Kontseiluarentzat «atzerapauso onartezina da eta oldarraldi euskarafobo, atzerakoi eta erreakzionarioaren baitan kokatzen du erabaki hau». Jokamolde hauek baztertu eta «parametroak aldatzeko garaia dela» defendatu du: «Ez dezagun hitz egin puntuazioez edo merituez, hitz egin dezagun herritarrek beren hizkuntzan administrazioarekin jarduteko duten eskubideaz. Eta hori gauzatzeko bide bakarra dago: langile elebidunak hartzea».
Honezaz gain, 2019tik hona Maria Chivite buru duen Gobernuak agertu duen «utzikeria» salatu du Kontseiluak, «Euskararen Nafar Kontseiluak berak emandako iritzi, gomendio eta ekarpenekiko entzungor egin baitie». «Urte guzti hauetako luzamendu eta ez betetzeek argi erakutsi dute Nafarroako Gobernuaren jarrera atzerakoia, bai eta 5 urte hauetako deialdietan euskara ez baloratzeko aurrera eraman duten estrategia ere. Euskaraz bizi diren edo bizi nahiko duten herritarren eskubideak kondenatu dituzte eta, beraz, horrek oinarrizko eskubideen zein Nafarroako herritarren berdintasunaren eta kohesio sozialaren kontrako jarrera erakusten du».
Behatokia: «%2 inguru soilik perfilatua»
Behatokiaren aldetik, bere zuzendari Agurne Gaubekak azaldu duenez, «kontuan izan behar dugu dekretu honen garrantzia. Lanpostuen perfiletatik harago, euskara merezimendu gisa ezartzeak, zerbitzu horietan euskarazko arreta bermatuko ez duen arren, neurri egokiak proposatuaz, bultzada garrantzitsua eman diezaioke Nafarroako Gobernuko departamentu ezberdinak euskaraz lan egin eta zerbitzuak euskaraz eskaintzeko gaitasuna hobetzeko».
Datu argigarri bat eman du Gaubekak: «Dekretu berri honek ez du kontuan hartzen egun dagoen egoera bidegabea: 2023ko plantilla organikoan lanpostu publikoen %2 inguru dira soilik euskararen nahitaezko ezagutzaren bat perfilatua duten lanpostuak, eta horietako gehienak legeak ezarritako eremu euskaldunekoak dira. Beraz, eremu mistoan ezarritako zerbitzu zentraletan euskara erabiltzeko edo euskaraz zerbitzuak jasotzeko dauden aukera murritzek Nafarroako herritar guztiei eragiten diete».
«Nola izan daiteke, 2023an oraindik Gobernuaren webgune eta zerbitzu telematikoak euskaraz behar bezala eta informazio osoarekin gaitu gabe egotea? Nola izan daiteke Iruñerrian bertan osasun zerbitzuak euskaraz jasotzea kasualitate txikienaren ondorioz izatea? Larrialdi, polizia, suhiltzaile zein bestelako zerbitzuetako lanpostu gehienetan euskarazko hitz bakar bat ez ulertzea? Administrazioarekin eginbide bat euskaraz egiteagatik epeak mugarik gabe luzatzea? Euskaraz funtzionatzen duten udalek zerbitzu zentraletara euskaraz jotzean hainbat oztopo pairatzea?», zerrendatu du Behatokiko zuzendariak.