Elkartasuna pilatu da azken astean Valentziaren inguruan. DANAk sortutako hondamendiaren ondotik milaka herritarrek bat egin dute kaltetutakoei arreta eman, kalte handienak jasan dituzten eremuak garbitu eta beharretan laguntzeko. Aldiz, krisiaren kudeaketaz arduratzen diren agintarien aurkako haserrea handituz joan da, Pedro Sanchez, Carlos Mazon eta Felipe Borbonen bisitan izandako protestetan gorpuzteraino.
Haserre hori datozen orduetan hainbat mobilizazioetan ikusiko da. Larunbat honetan, 18:00etatik aurrera, manifestazio jendetsua espero da Valentziako kaleetan. Deialdiaren atzean hogei bat erakunde sozial, zibiko eta sindikatu daude, eta «dolumina eta elkartasuna adierazi nahi diete hildakoen familiei eta lagunei eta kaltetuei».
Acció Cultural del País Valencià, Amical de Mauthausen, Arran-SEPC-COS-Endavant, Assemblea de Barri de Montolivet, BEA, Ca Bassot, Ca Revolta, CNT València, Coordinadora Associacions Memòria Democràtica País Valencià, Decidim, Escola Valenciana, FAMPA València, Intersindical Valenciana, Joves d'ACPV, JovesxRussafa, Plataforma 14 d'abril per la República, Plataforma pel dret a decidir del País Valencià, Societat Coral El Micalet eta Teixint Patraix dira deitzaileak.
Bertan, «edozein krisi kudeatzeko gaitasun eta eraginkortasun falta larria» erakutsi izana leporatu diote Valentziako gobernuari. Eta horren adibide da herritarrei emandako abisua, «12 ordu baino gehiagoko atzerapenarekin» eman izana. «Jorrek, neurri batean, zoritxar handiagoa eragin zuen hondamendi meteorologiko honen aurrean», adierazi dute.
‘Mazon, dimisioa’ lelopean, Valentziako Udaletxeko plazatik aterako da mobilizazioa 18:00etan, eta kaleak zeharkatuko dituzte Generalitateko Jauregira iritsi arte, Valentziako Erkidegoko hainbat eskualdetan eragin larria izan duen azken DANAren kudeaketa okerragatik erantzukizunak argitzea eskatzeko.
Era berean, «Hezkuntza kontseilariaren erantzukizuna» nabarmendu dute; izan ere, «kaltetutako eremuetako ikastetxeak irekita mantendu zituen, leku batzuetan argia bazihoanean, haurren eta irakasleen osotasuna arriskuan jarriz», eta kritikatu egin dute «langileei lan-jarduerekin jarraitzea eskatu zieten enpresen erantzuna, nahiz eta segurtasunarentzat arriskutsuak izan».
Zentzu horretan, datorren asteartean, greba eguna deitu dute ikasleek. Bi deialdi hauei babesa agertu die Ernai gazte antolakundeak.
Soilik herriak salba dezake herria.
— Ernai (@ernaigazte) November 7, 2024
Azaroaren 9an, herrialde katalanetako gazteria kalera aterako da. Ardura politikoak exijitzeko kaleak betetzeko deialdia egiten dugu. Baita, azaroaren 12rako deitutako ikasle greban parte hartzeko ere.
Organitzem la resposta solidaria✊ pic.twitter.com/ePb6p8F5HV
Beste mobilizazio batzuk
Azken orduetan, Herrialde Katalanetako hainbat hiri eta herritan ere izan dira protestak, zeintzuetan Mazonen «ardura zuzena» seinalatu den gertatutakoaren aurrean.
Hurrengo asterako, beste hainbat protesta eta mobilizazio deialdi zabaldu dira sareetan. Hala ere, hainbat agentek adierazi dutenez, horien atzean eskuin muturreko taldeak daude eta erakunde sozialek deitutako bakarra larunbat honetakoa dela nabarmendu dute.
EHKS-k aldiz, ostiral honetan egin ditu mobilizazioak Euskal Herrian, DANAren erantzuleak seinalatzeko.