Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Kamera, egiaren eta erresistentziaren lekuko

NO OTHER LAND
Palestina, 2024. 95’. Zuzend.: Basel Adra, Hamdan Ballal, Yuval Abraham, Rachel Szor. Musika: Julius Pollux Rothlaender. Argaz.: Rachel Szor.

‘No Other Land’ dokumentaleko irudi bat.
‘No Other Land’ dokumentaleko irudi bat. (Yabayay Media)

Basel Adra ekintzaile palestinar gaztea Masafer Yatta izeneko herri batean bizi izan da bizitza osoan, baina Israelgo armada etxera iritsi izanak ezustean harrapatu du; gune horretan etxea zuten palestinar guztiak kanporatu dituzte. Gertaera horren ondorioz, Adrak, ‘No Other Land’ dokumentala grabatzea erabaki du, bera eta bere senideak une honetan bizitzen ari diren egoera salatzeko helburuz.

Basel Adrak berak, Hamdan Ballal, Yuval Abraham eta Rachel Szor-ekin batera sortutako zinemagileen kolektiboak zuzendutako lana da. Ekintzaile eta zinemagile palestinar eta israeldarren arteko elkarlana da, eta horrek ikuspegi berezi eta intimoa ematen dio gatazkaren narratibari. Dokumentalak, Zisjordaniako Masafer Yatta eskualdean Israelen okupazioari buruzko ikuspegi kritikoa eskaintzen du. Israelgo agintariek eskualde hori nola kanporatu eta eraitsi duten erakusten du.

Filmak Basel Adra ekintzaile palestinarraren eta Yuval Abraham kazetari israeldarraren ikuspegitik azaltzen du gatazka. Israelgo armadaren mehatxupean, Palestinako komunitateen egoera dokumentatzen dute. Indarkeria fisikoa ez ezik, dokumentalaren egileen arteko harreman konplexua ere aztertzen da. Errealizadoreek gatazkaren alde desberdinak irudikatzen dituzte, baina bat egiten dute ikusten dituzten bidegabekerien aurkako erresistentzian.

‘No Other Land’ Berlinale eta TIFF bezalako jaialdi garrantzitsuetan proiektatu da, eta dokumental gisa ez ezik, sormenezko erresistentzia-ekintza eta salaketa politikoko ekintza gisa ere aintzatetsi dute.