Fermin Leizaolak etnografia saileko zuzendaritzan erreleboa emango dio Maite Errarte (Beasain, 1995) historialariari. Maite 2019an sartu zen sail horretan eta, Suberri Matelorekin batera, ondare kultural materiala katalogatzeko proiektuak, museografiakoak eta dibulgaziokoak zuzendu ditu.
Hori dela eta, biek Gordailua bisitatu dute ostiral goiz honetan. Izan ere, Gipuzkoako Aldundiaren Gordailuaren zaintzapean daude Fermin Leizaolaren bildumako 4.000 piezak. Aldunditik azaldu duten bezala, aurreko mendeko 80ko hamarkadara arte Aldundiak ondare kulturalarekiko zuen interesa, batez ere, sorkuntza artistikora bideratuta zegoen: musikara, pinturara eta eskulturara. «Garai hura baino lehen, ez zegoen gure kultura materialaren testigantzak jasotzeko benetako ahaleginik, nahiz eta gure ondare immaterial tradizionala ikertzeko proiektuak egin», azaldu dute.
Testuinguru haren baitan, Fermin Leizaola Calvo (Donostia, 1943) bizimodu tradizionala eta haren irudikapenak aztertzen hasi zen eta Gipuzkoako Aldundian bilduma etnografiko bat sortzeko beharra planteatu zuen, horren bidez gure arbasoen bizitza eta ofizioak irudikatzea lortuko zutela esanez. Une hartan, baiezko erantzuna eman zion Aldundiak.
Hala, 60 urtez, Fermin Leizaolak Euskal Herriko bizimodu tradizionala argi eta garbi erakusten zuten piezak eskuratzeko egin du lan. Gaur egun berak bildutako 4.000 pieza etnografiko daude jasota Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, Gordailuan.
«Lanbide tradizionalekin lotutako piezak dira, hala nola, arotzeriako tresnak (garlopak, antzinako zerrak...), bizitza tradizionaleko eguneroko objektuak, hala nola nekazaritzako lanabesak, etxeko gauzak, zeramika herrikoia eta abar. Pieza horietako batzuk, gainera, gaur egun Euskal Herrian desagertuta dauden ofizio edo bizimoduei lotuta daude» nabarmendu dute.
Goizane Alvarez Kultura diputatuak balioa eman nahi izan dio Fermin Leizaolak egindako lan bikainari: «Zalantzarik gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiak aparteko etnografia-bilduma izan dezan ekarpen handiena egin duten pertsonetako bat da. Fermin Leizaola Bildumak gure nortasunaren eta sustrai kulturalen testigantza baloraezina jasotzen du. Bilduma honetako pieza bakoitzak gure historiaren, gure kulturari forma eman dioten jakituria eta ofizioen, pusketa bat jasotzen du. Sei hamarkada luzez Fermin Leizaolak ondare hori gordetzeko eta transmititzeko egindako ahalegin nekaezinak agerian uzten du euskal kulturarekiko izandako konpromiso sakona», esan du.
Etnografia jardunaldiak
Azaroaren 12tik 15era bitarte, San Telmo Museoarekin elkarlanean, Aranzadiren 45. Etnografia Jardunaldiak aurkeztuko dira. Sailak azken urteetan ikertu eta garatu dituen etnografia-proiektuak bilduko dituzte dituzten hitzaldiek.
Fermin Leizaolak emango die hasiera jardunaldiei eta 45 urteren ondoren saileko zuzendari gisa egingo diren azkenak izango dira. Jardunaldi horien bidez, Fermin Leizaolak urte luzez zuzendu duen ibilbideari agurra emango diote.
Gainera, hitzaldiak streaming bidez eskainiko dira Museoaren Youtube kanaletik. Azaroaren 12an Fermin Leizaolak ‘Algunos elementos de cultura material propios de vasconia’ hitzaldia eskainiko du, azaroaren 13an ‘Genealogiatik etxeko dokumentuetara Gipuzkoan’ gaiaren inguruen egingo du gogoeta Mikel Prietok eta azaroaren 14an ‘Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri era ondareari jarraika’ izango dute mintzagai Miren Iraeta Orbegozo, Sofia Marcos eta Oihane Mendizabalek.
Gainera, azaroko larunbat guztietan, Sailak familientzako tailerrak antolatu dira: ‘Ondarea gure bitxia! Bitxigintza tailerra’. Horietan, laiak, kaikuak, argizaiolak eta abarrak tailerreko parte-hartzaileentzat inspirazio-iturri bihurtuko dira, gero beren bitxiak sortzeko. San Telmo Museoan bertan egingo dira tailerrak.