NAIZ

Guardia Zibilak duela 45 urte tiroz hil zuen Mikel Arregi gogoratu dute Lakuntzan

Guardia Zibilak 1979an tiroz hil zuen Mikel Arregi gogoratu dute gaur Lakuntzan. Gertukoek aurten Nafarroako Gobernuaren partetik izandako aitortza ofiziala nabarmendu dute, baina oraindik Gobernu espainolak bide honetan asko duela egiteko azpimarratu dute.

Mikel Arregi gogoratzeko Lakuntzan egin duten ekitaldia.
Mikel Arregi gogoratzeko Lakuntzan egin duten ekitaldia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Guardia Zibilak Mikel Arregi Marin tiroz hil zuen 1979ko azaroaren 11an. 45 urte pasa direla gogoratzeko ekitaldia egin dute gertukoek Lakuntzan. Etxarri Aranatz eta Bakaiku arteko errepidean tirokatu zuen Arregiren kotxea metrailetaz.

Bertsio ofizialak kontrol batetik ihesean zihoala adierazi zuen, baina hori behin eta berriz ukatu egin dute Arregiren gertukoek. «Ez zen istripua izan, kontestu politiko jakin batean eragindako indarkaria polizialaren biktima baizik», nabarmendu zuten Mikel Arregi Gogoan Herri Ekimeneko kideek duela bost urte egin zuten agerraldian.

HBko kide eta Lakuntzan zinegotzia zen Mikel Arregi eta Sakana elkarte kooperatiboaren sortzaileen artean zen.

Inpunitatearen eredu

Inpunitatea gordin erakusten duen kasuetako da Mikel Arregirena. Guardia Zibilak kontrolik ez zela onartu behar izan zen epaiketan. Halere, bi hilabeteko espetxe zigorra baino ez zioten jarri Arregi hil zuen guardiari.

Ordutik hona, egia, justizia eta erreparazioaren aldeko borroka luzea aurrera eraman dute Arregiren gertukoek. 2015ean Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuten, urte luzez jasandako erakundeen ixiltasunarengatik. Arregiren omenez paraturiko monolitoa lehergailuz suntsitu zuten 1981an eta 1983an. Loreak bertara eramatea ere debekatu zieten. 2014an ere monolitoa suntsitu zuten berriz.

Joan den maiatzean, Nafarroako Gobernuak indarkeria polizialaren biktima bezala onartu zuen Arregi, Mikel Zabalza, lau torturatu eta 1978ko sanferminetan balek eragindako zauriak pairatu zituzten hiru lagunekin batera. Gobernuak agiri bat eman zion Arregiren familiari eta ekitaldia egin zuten Iruñeko Baluarte jauregian.

Nafarroako Gobernuaren aitortza

Aitortza hau Nafarroan indarkeria poliziala pairatu duten biktimen alde onartu zen legearen baitan egin zen. Lakuntzan egin duten ekitaldian Arregiren eta beste biktimen kasuan legeak ez duela babes osoa eskaintzen nabarmendu dute. Izan ere, epaitegiek adierazitakoa ez du kolokan jartzen. Halere, «bertsio ofiziala zalantzan jartzen du eta konponbide administratibo eta judizialerako bideak irekitzen ditu».

Nafarroan lege hau onartzeko lanak 2015ean hasi zirela baina orduko PPren Gobernu espainolak Epaitegi Konstituzionalean helegitea paratu eta asmoak zapuztu zituela gogoratu dute.

Gauzak horrela, 2019an lege berria onartu zuen Nafarroako Parlamentuak. «Bost urte behar izan dira lehenengo aitortzak izan arte», nabarmendu dute. 

Tarte honetan, Lakuntzako Udalak 2017an Mikel Arregi motibazio politikoko biktima zela onartzen zuen adierazpena egin zuela gogoratu dute ere.

Arregiren gertukoek jaso duten aitortzarengatik urte honetan ilusioa izan dutela azaldu dute. Halere, Gobernu espainolaren jarerra salatu dute «biktima guztiekin ez duelako jarrera bera». Nafarroako Gobernuak eta PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdiek Madrili benetako aitortza egitea eta frankismotik indarrean dagoen Sekretu Ofizialen Legea indargabatzea eskatu diotela nabarmendu dute.