NAIZ

Indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak gezurtatzeko kanpaina abiatu du Emakundek

Indarkeria matxista ukatzen duten sare sozialetako mezuak agerian utzi eta datuekin indarkeria matxista ematen dela frogatzea da aurtengo Emakunderen kanpainaren muina, azaroaren 25a dela eta. ‘Ingurune matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko’ izango da leloa.

Emakundek azaroaren 25aren harira sortutako kanpaina aurkeztu du.
Emakundek azaroaren 25aren harira sortutako kanpaina aurkeztu du. (Irekia)

‘Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko’. Hori da aurtengoan Emakumeen indarkeraren aurkako eguna dela eta Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta EUDELek sortutako kanpainaren leloa. Astelehen goiz honetan aurkeztu dute Imanol Pradalesek gazteekin egindako topaketa baten bidez, eta azaroaren 25a bitarte iraungo du.

Kanpainaren funtsa herritarrei «indarkeria matxista hutsaltzen duten diskurtsoei aurre egiteko» deia da. Kanpainaren iragarkiak sareetan aurki daitezkeen eta indarkeria ukatzen duten esaldi batzuk erakusten ditu lehenengo, hala nola, «emakumeen aurkako indarkeria asmakizun bat da», «indarkeriak ez du generorik» edota «beste herrialde batzuetan matxismoa dago, ez hemen». Eta iragarkian bertan, datu batekin erantzuten zaie baieztapen horiei: «2023an 6.513 salaketa erregistratu ziren EAEn emakumeen aurkako indarkeriagatik».

Astelehen goiz honetako aurkezpenean iragarkia ikusi dute Lakuako lehendakariak eta gazteek, eta ondoren gogoeta egin du Pradalesek: «Indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraikitzea lehentasuna da Lakuarentzat, eta erne egon behar da ultraeskuinak Europan eta munduan aurrera egin duelako eta indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak eta berdintasunaren aurkako erreakzioa sortzen ari delako».

Era berean, euskal gazteria emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde beti agertu dela azpimarratu du eta elkarrizketak emateko espazioen beharra aipatu: «Asko hitz egiten dugu gazteei buruz, baina ez diegu beti entzuten».

Gazteen protagonismoa

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Elisa Garcia Mingo Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle eta ingurune digitaleko indarkerian adituak ere parte hartu dute aukezpenean. Irakaslea gazteengana zuzendu da interneten areagotu diren erreakazioen inguruan galdetuta: «Zer da Incel bat? Nortzuk dira tridewives izena hartzen dutenak? Eta gymbros eta criptobros izenekoak?».

Elgarrestak, bestalde, gazteek berdintasunaren aldeko eraldaketa sozialean duten protagonismoa azpimarratu du: «Badakigu gazte gehienek emakumeen eta gizonen berdintasunean sinesten duzuela eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren alde zaudetela, eta horregatik, hain zuzen ere, uste dugu garrantzitsua dela mezu horiek nondik datozen jakitea eta baliabideak izatea zuengan eta gugan eraginik izan ez dezaten».

Amaitzeko, astelehen honetatik azaroaren 25era bitarte kanpaina telebistan, irratian, prentsa idatzian, sare sozialetan eta beste publizitate-euskarri batzuetan egongo dela gaineratu dute.