NAIZ
Bilbo

Nazio izaera aitortzeko beharra aldarrikatuko du Sortuk Brouard eta Muguruzaren urtemugan

Euskal Herriaren nazio izaera aitortzeko eta herri gisa aritzeko unea dela aldarrikatuko du Sortuk azaroaren 20an Bilbon, gerra zikinak Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zitueneko 40. eta 35. urteurrenean.

Santi Brouard eta Josu Mugurzaren omenez iaz Errekalden egin zuten ekitaldia.
Santi Brouard eta Josu Mugurzaren omenez iaz Errekalden egin zuten ekitaldia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Sortuk manifestazioa egingo du Bilbon heldu den azaroaren 20an, Estatuaren gerra zikinak Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zitueneko 40. eta 35. urteurrenean, «Herriaren arnasa - Independentziarako Indarra» lelopean. Espainiar Estatuak eragindako biktimen aitortza eta erreparazioa exijituko du, baita erantzukizunak hartzeko ere. Mobilizazioa 19.00etan abiatuko da Brouarden kontsulta zegoen tokitik (Errekalde zumarkalea 8) eta Plaza Barrian bukatuko da, ekitaldi politiko batekin.

Ohar batean azaldu duenez, Brouard eta Muguruza oroitzearekin batera, «haiek helburu zuten Euskal Herriaren arnasa inoiz baino biziago dagoela» aldarrikatuko du Sortuk; baita «nazio bulkadari arnasa emateko une erabakigarria dela» ere.

«Nazio zapaldua da gurea, eta espainiar eta frantziar proiektu zapaltzaileek gure herriari arnasa kendu nahi izan diote mendeetan», nabarmendu du. Bide horretan, nazio askapen mugimendua «ito nahi izan dutela» dio Sortuk; horretarako, besteak beste, «gerra zikina erabiliz, Santi eta Josuren erailketetan kasu».

Espainiar Estatuak eragindako biktimen aitortza ofizialetan «urratsak» egin diren arren, Sorturen iritziz «bide luzea dago egiteko oraindik aitortzaren, erreparazioaren eta erantzukizunen esparruan».

«Batzuek memoriaren eta errelatoaren esparrua polarizatzera jo nahi dute, euren posizioa indartu eta errelato partzialak bultzatzeko», salatu du. Horren aurrean, «memoria osoaren eraikuntzaren alde» egin behar dela defendatu du, «euskal jendarteak nahi eta behar duen gisan». Horretarako, «ezinbestean», gatazka politikoaren erroari heldu behar zaiola adierazi du, eta, bide horretan, «une erabakigarria» bizi dugula: «Nazio aitortza eta estatus politiko-juridiko berrien inguruko eztabaida betean gaude».

Horregatik, nazio askapen prozesuari bultzada emateko deia egin du, independentziara bidean: «Gu guztiok, militanteok, arnasa gara nazio aldarrikapena berreskuratu eta erdigunean kokatzeko», amaitu du.