Gaztetasunaren aldeko apustua egin zuten antolatzaileek aurtengo Gernikako Winter Seriesean eta Urreisti-Gorkak konfiantza horri bikain erantzun diote momentuz. Pilotan jokatzeko lezioa eman dute bart, non, eta Gernikan, dagoen kantxarik exijenteenean, noren eta Barandika-Lopezen, Jai Alai Leagueko txapeldunen aurka. Izen handiko bikotea, txapelketa irabazteko faboritoenetakoa, esperientziaduna. Baina jokoz, atzokoan, gehiago izan dira gazteak. Bai aurrean, bai atzean eta bai bikote bezala.
Gorka Sorozabal biarriztarrak itzelezko partidua jokatu du. Ia hutsik egin ez, bi eskuekin ondo, kantxan mugituz... bere lana bikain bete du, bere aurrelariari errematerako lanak erraztuz. Eta Eñautek, beste behin, etekina atera dio bikotearen lanari. Erasora irten da, sake errestora sartu, era guztietako erremateak saiatu eta 14 tanto eginda, partida bi eta huts irabazi dute.
Argi Urreisti eta Gorkarekin. Zazpi punturekin lider sendoak dira, finalerdietan hanka eta erdi sartuta dute eta A multzoko aurkariei gauzak asko korapilatu zaizkie. Goitiak eta Del Riok puntu bat, Barandika eta Lopez hutsean, eta oraindik partidarik jokatu gabe Laduche eta Manci, bikote arriskutsua. Hiru bikote horien artean, bakarrentzat dago lekua soilik.
Partida hasi eta amaitu arte, sendoago, seguruago eta hobeto aritu dira Urreisti eta Sorozabal. 2-1ekoa egiteko, bederatzi koadrotik bota du txapa-gainekoa gipuzkoarrak. Bikaina. 6 eta 3koa ere ikusgarria. Partidako onena agian. Tantoa landu, eskumarekin kantxa erdian zazpian hartu eta zabalean ezkutatu egin du, aurkariak eta publikoa, guztiak engainatuz. Atsedenaldira 8-4 iritsi dira eta sei tantoko aldea ere izan dute, 10-4. Barandikak arazoak izan ditu sakearekin, Eñaut ahal zen guztietan sartu baitzaio, gernikarrari konfiantza galdu araziz. Hala ere, markagailua estutu du Jai Alai Leagueko egungo bikote txapeldunak. 11-8, 12-9 eta 13-10 jarri dira, hiru tantora. Txula ederra ere sartu du Lopezek. Baina harrapatu ezin. Gorkaren segurtasunak eta Urreistiren erremateek hamabosgarrenera arte eraman dituzte. Tartean, mutrikuarrak errebotez egindako tanto eder bat. 15-10, lehen seta laranjentzat.
Antzeko gidoia
Bigarrena ere bide beretik joan da. Hasi, Barandika eta Lopez hasi dira irabazten, 0-2 eta 2-4. Baina launakoaren ondoren, laranjak aurretik jarri dira partida amaitu arte. Bide-arbitraiari esker, epaileek bi erabaki zuzendu dituzte. Bata, Gorka Sorozabali saskian pilotak emandako jauzia. Bestea, Lopezi emandakoa. Kantxan ikusteko zaila dena, bikain erakusten du hirugarren epaileak parean duen pantailak. Erabakiaren berri publikoari eta etxekoei eman ondoren, aurrera egin du jokoak. Lehen setean bezala, 8-4 iritsi dira atsedenaldira laranjak, eta konfiantzaz beteta gainera, sei tanto erreskadan eginda. Handik bueltan, bikote horiak hortzak estutu eta partida berdintzeko azken ahalegina egin du. Barandikak horma-biko on bat bota du, bien erdira eta Eñauten txapa gaineko batera iritsi eta beste tanto bat amaitu du. 9-7 eta 10-8, hor izan dute aukera. Baina momentu garrantzitsuetan, ez dute beste batzuetan izan ohi duten ofizioa atera. Edo alderantziz, Eñautek eta Gorkak ez diete utzi. Seguruenik, bietatik apur bat. 15-11 bukatu da bigarren jokoa.
Ligaxka honetan partidu bakarra falta zaie Urreisti eta Gorkari, Laduche eta Manciren aurka jokatuko dutena. Norgehiagoka horren faltan, zazpi puntu eta +9 tantuko averagea dute. Eta ez hori bakarrik, bart publikoa ere poltsikoan sartu dute.