NAIZ

Arabako Tximeletak zentroak sexu indarkeriaren 114 biktima artatu ditu lehen sei hilabeteetan

Tximeletak sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko Arabako zentro berriak 114 emakume biktima eta beraien inguruko pertsonak hartu eta artatu ditu jardunean hasi eta lehenengo sei hilabeteetan.

Sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta espezifikoa eta integrala emateko Arabako lehenengo zentroa da Tximeletak.
Sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta espezifikoa eta integrala emateko Arabako lehenengo zentroa da Tximeletak. (Arabako Aldundia)

Sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta espezifikoa eta integrala emateko Arabako lehenengo zentroa da Tximeletak, publikoa eta doakoa, eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak joan den apirilean jarri zuen martxan. Zentroko arduraduna den gizarte langile batek, hiru psikologok eta hiru abokatuk osatzen dute lantaldea, eta arreta maila oso handia izaten ari da: psikologoen kasuan, dagoeneko 547 saio egin dituzte biktimekin, eta abokatuek, berriz, zuzeneko 254 esku hartze saio egin dituzte.

Lehen sei hilabeteetan 114 biktima artatu dira bertan, agerian utziz beharrezkoa zela sexu indarkeriaren arloko baliabide espezifiko bat. Izan ere, 2023 osoan sexu erasoen 177 biktima artatu ziren Hegoak indarkeria matxistaren biktimei arreta psikologikoa emateko zerbitzuan, non emakume horiei arreta ematen baitzitzaien baliabide espezializatua sortu aurretik.

Artatutako biktima gehienak Gasteizen bizi dira, baina Aiarako Kuadrillako hiru emakume, Lautadako beste hiru, Arabako Errioxako bat eta Arabako Mendialdeko beste bat ere hurbildu dira baliabidera. Adinari erreparatuta, 20 urtetik beherako 22 emakume artatu dira, 21 eta 40 urte arteko 47, eta 41 urtetik gorako 45.

Era berean, 26 emakume beren ekimenez bertaratu dira, eta gainerakoak beste erakunde batzuetatik bideratuta, batez ere Hegoak zeritzutik (43) eta BAZ Biktimen Arretarako Zerbitzutik (23), baina baita Ertzaintza, Gizarte Zerbitzu eta Osakidetzatik ere.

24 orduko arreta

Baliabidearen beste indargune batzuk 24 orduko arreta eta profesionalak beharrezkoak diren lekuetara joateko aukera dira. Horrela, bermatzen da biktimek berehalako arreta, laguntza emozionala eta aholkularitza jasoko dutela une kritiko batean.

Ohiko esku hartzeez gain, 14 emakumek krisi egoeran deitu dute zerbitzura, eta profesionalak 12 aldiz joan dira larrialdi egoera batera, emakumeei segurtasuna eta babes emozionala emateko. Gainera, 31 aldiz lagundu diete emakumeei zentro medikora, epaitegira, poliziara edo errefuxiatuei laguntzeko zentroetara.

Tximeletak zentroak 400 metro koadro ditu, harrera gela, erlaxazio gela, haur gela, sukalodondo, bilera gela eta bulegoekin. Harremanetarako telefonoa eguneko 24 orduetan dago martxan eta 650 80 10 80 da; egoeraren arabera, ohiko hitzordua edo premiazko hitzordua ematen da, edo, behar izanez gero, profesionala biktima dagoen tokira joan daiteke.

Zentroa abiatzeko inbertsioa 1,4 milioi euro ingurukoa izan da, Europar Batasunaren Next Generation EU funtsek ordainduta, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Horri kudeaketa gastuak gehitu behar zaizkio, Gizarte Politiken Sailak osorik bere gain hartzen baititu, abian jarri eta lehenengo bi urteetan milioi bat euro bideratuta.