Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Iraganaren zama

AZKEN ERROMANTIKOAK
Euskal Herria, 2024. 102’. Zuzendaria:
David P. Sañudo. Gidoia: David P. Sañudo, Marina Pares. Aktoreak: Miren Gaztañaga, Maika Barroso, Eric Probanza, Itziar Aizpuru, Ignacio Mateos. Musika: Beatriz Lopez-Nogales. Argazkia: Victor Benavides. 

Miren Gaztañaga filmeko une batean.
Miren Gaztañaga filmeko une batean. (La Claqueta PC, Irusoin)

David P. Sañudo bizkaitararren lan berria da eta Txani Rodriguez laudiotar idazleak 2020an idatzitako ‘Los últimos románticos’ eleberrian oinarrituta dago. Perez Sañudok eta Rodriguezek lau eskutara egokitu dute testua zinemarako.

Aurrez hainbat film labur egin ostean, 2020an aurkeztu zuen Perez Sañudok bere lehen lan luzea: ‘Ane’. Donostiako Zinemaldiko euskal gidoirik onenaren eta euskal zinemaren Irizar sariak jaso zituen hari esker, eta hiru Goya ere bai. Euskaraz filmatu zuen lan hura, eta ETB1 katerako sortutako ‘Alardea’ telesailean ere lan egin zuen. ‘Azken erromantikoak’ izango du bigarren lan luzea.

Miren Gaztañagak Iruneren rola jokatzen du; segurtasunik gabeko emakume bakartia da, eta joera hipokondriakoak ditu. Langile klaseko herri industrial baten kanpoaldean dagoen paper-fabrika batean egiten du lan. Bere bizitza ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da: bere lankideak, auzokide bat eta inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkion Renfeko langile bat. Irune, iragan pisutsu batean ainguratuta dago, geldirik. Ikuspegi filosofiko batetik, malenkonia erromantiko batean bizi dela esan daiteke. Bere oreka hauskorra lehertu egingo da bular batean koskor bat detektatzen diotenean.

«Casting prozesua oso gogorra eta konplexua izan zen. Mirenek oso casting ona egin zuen, eta horregatik aukeratu genuen. Dudarik gabe, pelikularen elementurik garrantzitsuena da. Esposizio handia du, psikologikoa zein fisikoa. Ez dut topikorik esan nahi, baina bere lana itzela da benetan: freskoa, desberdina. Bere gaitasunak, antzerki-munduko esperientziak eta fisikoak inpaktu potentea eragingo dio ikusleari», aipatu zuen Sañudok Zinemaldiko aurkezpenean.